Errazkinek Naparra ustez dagoen tokiko xehetasunak berretsi ditu epaile aurrean

Auzitegi Nazionalak Mont-de-Marsango epaitegiari eskatu dio bilaketa egiteko Naparra egon daitekeen lekuan. 1980tik dago desagertuta

Errazkinek Naparra ustez dagoen tokiko xehetasunak berretsi ditu epaile aurrean.
Hodei Iruretagoiena.
2016ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Orain, gorpua aurkitzea da lehentasuna». Hala mintzatu da Iñigo Iruin abokatua Naparra auziaz, Iñaki Errazkin kazetariak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu ondoren. Errazkinek Ismael Moreno epailearen aurrean kontatu du nor den Naparra lurperatua egon litekeen lekuaz informazioa eman zion Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohia —haren pasaportearen kopia bat ere badu—, eta baieztatu egin ditu familiaren abokatuak kasua berriz irekitzeko aurkeztutako txosteneko datuak. 1980ko ekainaren 11n desagertu zen Jose Miguel Etxeberria Naparra (Iruñea, 1958) Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea, eta ordutik ez da haren berririk izan.

Errazkinek lorturiko informazioaren arabera, Mont-de-Marsan (Frantzia) iparraldean egon daiteke lurperatuta Naparraren gorpua. Zehaztapen gehiago ere jakin ditu BERRIAk: Labrit eta Brocas herrixken artean kokatu du lekua Espainiako zerbitzu sekretuetako kide ohiak. Zortzi bat kilometro daude bi herrien artean; haritz parajea da, eta baso txiki batzuen arteko errepideak lotzen ditu.

Posta elektronikoz mezu bat jaso ondoren jarri zen harremanetan zerbitzu sekretuetako kide ohia Errazkinekin. Mezu hartan, besteak beste, gaixo zegoela kontatu zion, eta Espainiako Estatua estutasunean jartzeko moduko informazioa zuela. Iazko azaro eta abendu artean, harekin bospasei egun eman zituen kazetariak Sao Paulon (Brasil), hainbat gairi buruz hizketan. Bisitaren amaiera aldera,kazetariak galdetu gabe, «desagertutako etakide baten» berri eman zion zerbitzu sekretuetako kide ohiak, eta berri emaileak berak eskuz idatzitako dokumentu bat eman zion.

Dokumentu originala eman ote dezakeen ere galdetu dio Moreno epaileak Errazkini, eta, hark halakorik egin ez duen arren, testuaren transkripzio bat egin eta abokatuaren bidez auzitegira helaraztekotan geratu dira.

Udan izan ziren Iruin abokatua, Paco Etxeberria auzi medikua, Iñaki Egaña historialaria eta Eneko Etxeberria Naparraren anaia ustez Naparra lurperatua dagoen lekuan. Errazkinen bidez lortutako datuak tokiarekin bat zetozela ikusi zuten, eta txosten bat ere egin zuen Etxeberriak. Han emandako informazio guztia berretsi du kazetariak epaile aurrean, lekuko gisa deklaratuta.

Ziburun (Lapurdi) ikusi zuten azken aldiz Naparra, 1980ko ekainaren 11n. Hasieran atxilotua zutela uste izan zuten arren, azkar piztu zen gerra zikinaren usaina. Laster agertu zen haren autoa, Ziburu inguruan, jendarmeria batetik gertu. Batallon Vasco-Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Senideak aritu ziren gorpuaren bila, baina ez zuten ezer aurkitu.

Uztailean, BVEk jakinarazi zuen mapa bat helarazi zuela Baionako suprefeturara, gorpua non zegoen azaltzeko. «Badakigu jaso dutela eta suprefetak jakinaren gainean jarri duela Frantziako Gobernua», idatzi zuten agirian. Handik astebete ingurura, esan zuten bi jendarmek gorpua hartu eta Dax ingurura eraman zutela.

Etxeberria, azaroaren 10ean

Frantziako auzitegiek 1982an utzi zuten bertan behera ikerketa, zantzu gehiago agertu artean. Geroztik, ez dute ezer egin. Espainiako Auzitegi Nazionalean 1999ko urrian jarri zuten salaketa senideek, eta hainbat lekuko deklaratzera deitzeko eskatu zuten. Horietako batzuei deklarazioak hartu ondoren, 2004an artxibatu zuten auzia. 2014ko azaroan, NBEk desagertze behartutzat hartu zuen kasua. Azkenik, urri hasieran jakinarazi zuten Naparraren senideek eta Iruinek eta Etxeberriak informazio berria zutela, eta Auzitegi Nazionalak urriaren 14an ireki zuen berriz auzia.

Atzo, Errazkini deklarazioa hartu ostean, Mont-de-Marsango auzitegiari eskatu zion Moreno epaileak gorpua bilatzeko; han erabaki beharko dute noiz eta nola egingo duten bilaketa. Bitartean, azaroaren 10ean hartuko diote deklarazioa Etxeberria auzi medikuari, lekuko peritu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.