Politika egiteko garaia

FARCen armagabetze prozesuaren amaiera ekitaldian, Timochenkok Santosi eskatu dio «jazarpen politiko oro» buka dadila Kolonbian

Santos, ezkerrean, Timochencori eskua ematen atzo, alboan NBEko begiralea daukatela. M. DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailearen armagabetze prozesuaren amaiera ekitaldia egin zuten atzo Mesetasen, Meta departamentuan, gerrillak historikoki kontrolatutako eremuan, eta han elkartu ziren, besteak beste, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta Rodrigo Londoño Timochenko FARC-EPko burua. Eman zioten bostekoa elkarri, mintzatu ziren, bakoitza bere aldetik, ekitaldia ikustera joan eta ia-ia hitz orotan txalo jotzen ziotenen aurrean, eta Timochenkok adierazi zuen FARCek bete duela emandako hitza; kontzeptu berari helduz baina beste esanahi bat emanez, prozesuaren amaiera ospatu zuen Santosek, «hitzek armak ordezkatuko dituztelako». Biek izan zuten bakea ahotan, eta FARCeko kideak azpimarratu zuenlegezko bideak erabiliz, «armarik gabe», modu baketsuan garatuko dutela beren ideologia; hemendik aurrera politika egitea dagokiela, alegia. Baina hari zuzenean esan gabe, Santosi eskatu zion bukatu dadila Kolonbian «jazarpen politiko oro».

Behin betiko su-etena joan den abuztuaren amaieran sinatu zuten Kolonbiako Gobernuak eta FARCek, eta bake akordioa azaroan, kolonbiarrek erreferendum bidez urriaren hasieran bake itunari ezezkoa eman ondoren —abstentzioa %62 izan zen galdeketa hartan—. Baina eutsi zioten bi aldeek hartutako konpromisoari, eta armagabetze prozesuari ekin zioten joan den martxoaren 1ean. NBE Nazio Batuen Erakundeak Kolonbian duen misioak iragarri zuen ekainaren 8an armen %30 bere esku zeudela, eta duela hamar egun %60. Falta ziren armak joan den ostiralean entregatu zituzten. 7.000 gerrillarik parte hartu dute prozesuan.

Timochenkok, dena den, argitu zuen atzo ez zela FARC amaitu. «Egiazki, altxamendu armatua da bukatu dena. 53 urteren ondoren, mugimendu gisa existitzen jarraituko dugu».Santosek mende erdia baino gehiago iraun duen «gerra absurdoaren» datuak eman zituen: «Biktimak 8 milioi baino gehiago izan dira, eta hildako herrikideak 220.000tik gora».60.000 daude desagertuta eta 7,1 milioik etxetik ihes egin behar izan dute. Eta herrikideak aipatuta, Timochenkok gogoratu zuen bake akordioak ez direla FARCentzat, «Kolonbiako herriarentzat baizik».

Ia-ia jai giroan egindako ekitaldia izan zen, baina Timochenkok ohartarazi zion Santosi emandako hitza betetzeko. Izan ere, Kolonbiako Kongresuak Amnistia Legea onartu zuen pasa den abenduaren 28an; FARCek desmobilizazioari ekiteko jarritako baldintza nagusia, hain zuzen. «Penagarria da gerrillako kideak izateaz akusatutako gerrillari, miliziar eta jarraitzaile gehienek kartzelan jarraitzea, Amnistia Legea onartu eta sei hilabetera», salatu zuen Timochenkok. Jesus Santrich FARCeko kideak atzo jakinarazi zuen gose greba egingo duela, estatuak preso guztiak askatu arte.

Horren harira, Santosek zera erantzun zion: «Oraindik elkarrenganako eginbeharrak dauzkagu, bake akordio hau bake iraunkor bat bihur dadin»

Gerrillak eskura zituen armak jasota, NBEren misioak FARC-EPren zuloak suntsitzeari ekingo dio; 949 dira, armaz beteta, eta irailaren 1era arteko epea du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.