Gorka Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Aho zapore gazi-gozoarekin

2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Aho zapore gazi-gozoarekin nago, eta azalduko dizuet zergatik. Erlojupekoaren bigarren zatia pixka bat luzea egin zait, eta hor espero baino denbora gehiago galdu dut. Sentsazioak, berriz, onak ziren. Hasi aurretik, beroketan, goizetik... Nik ondo sumatzen nuen neure burua. Oraindik ez ditut datuak aztertu, baina nire anaiaren denboran egotea espero nuen, hemezortzi segundo lirateke horiek. Erdiraino berdin joan gara, baina azken txanpan okertu zait. Horren eraginez, podiumetik irten da, eta Mollema eta Konrad sartu zaizkit aurrean. Biek ala biek erlojupeko handiak egin dituzte.

Sailkapena bitan moztu dela dirudi, bi garaipenerako, eta zortzi hirugarren posturako bada nik ez dut hain garbi ikusten. Zintzotasun osoz diot, bi etapa oso gogor gelditzen dira, eta nik ez dut baztertzen aurreko bateren batek atzera egitea edo atzeko batek aurreko borrokan sartzea. Begira, bestela, zer pasatu zen Paris-Nizan. Zortzigarren zihoan batek irabazi zuen azkenean.

Orain, erlojupekoa aurreratu izana eta hain laua jarri izana ona edo txarra den aztertzeko garaia da. Ni bi erabakietan alde nago. Erlojupekoa ona ez egin arren, ez dut iritzia aldatu. Erlojupekoa aurreratzeak sailkapena ireki du, eta badago tartea berreskuratzeko ibilbiderik, eta ibilbide lauak zerbait ezberdina eransten dio. Are gehiago, ni Erriberan are gehiago sartzearen aldekoa naiz. Euskal Herriko orografia horrelakoa da, ingurune oso ezberdinak ditu, eta haizeleku horiek baliatu egin behar dira. Ni antolatzailea banintz, 180 kilometroko etapa bat jarriko nuke bertan, erritmo bizikoa, haize babesekin... Hori ere ikusgarria da.

Baina, tira, horiek beste urte baterako kontuak dira. Gaur berriz ere ibilbide menditsua dugu. Etziko etapa erabakigarriagoa izango dela uste dut, baina Endoian eta Azurkin ere min egiteko modua dago. Gauza asko daude ikusteko, ea ihesaldia osatzen den, noiz... Zalaparta egon daitekeela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.