Gazaren aurkako erasoaldia. Bake negoziazioak

Beste aukera bat negoziazioei

Su-etena beste 72 orduz luzatzea hitzartu dute Israelek eta Palestinak.

Hainbat puntutan akordioak lortu izanak eragin du luzapena.

Etetear egon ziren atzo negoziazioak, bost hildako egon zirelako
Soldadu israeldarrak, Gazako mugatik gertu.
Soldadu israeldarrak, Gazako mugatik gertu. ABIR SULTAN / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 14
Hainbat pauso eman dituzte, eta horregatik beste aukera bat emango diete negoziazioei. Kairon Israelgo eta Palestinako ordezkariek bitartekariekin izandako negoziazioetan hainbat puntutan lortu dute adostasuna, korapilo zailenetara iritsi ez badira ere. Akordio horiek lortu izanak menia beste 72 orduz luzatzea ekarri dute. Atzo iluntzean Israelgo tankeak Gazako mugara gerturatzen hasi ziren, eta Gazatik hainbat misil hots ere entzun ziren, baina azken orduan etorri zen su-etena luzatzeko akordioa.

Astelehenaz geroztik, bilera luzeak egin dituzte bi aldeek Kairon, Gazako erasoa amaitzeko akordio baten bila. 72 orduko epea emana zioten elkarri negoziatzeko, eta 72 orduko su-etena gazatarrei, erasotik arnasa hartzeko. Hegi Babesgarria operazioa hasi zenetik zorrotzen betetako menia egunak izan dira aste honetakoak, baina, hala ere, ez lasaitzeko eskatu dute bi aldeek behin eta berriz, edozein unetan berriro erasoei ekin ziezaieketelako. Aurreko astean ere huts egin zuen antzeko su-eten batek, oraingoan luzapena lortu dute.

Egiptoko Gobernuak eskatuta eta hark bitartekari lanak eginda negoziatu dute bi aldeek, beti gela desberdinetan eta sekula ez mahai beraren inguruan. Azken unera arte zabalik utzi dituzte hiru aukera: su-eten iraunkorra adostea, aldi baterako menia luzatzea, edo guztia bertan behera utzi eta berriz ere erasoekin jarraitzea.

Egiptok su-eten iraunkorrerako proposamen bat aurkeztu zuen atzo goizean. Israelgo Haaretz egunkariaren arabera, hura onartuz gero Gazako blokeoa neurri batean arinduko luke Israelek, baina gainerakoan ez litzateke askorik aldatuko erasoaren aurreko garaitik. Bezperatik adostuta zeuzkaten hainbat gai ekonomikoren inguruko akordioak; besteak beste, arrantzarako muga zabaltzea eta Hamasen 40.000 funtzionariori Qatargo diruarekin kobratzen uztea. Auzi gatazkatsuenak, ordea, ukitu gabe uzten ditu Egiptoren proposamenak: mugak nola zabalduko dituzten, nork zainduko dituen, eta zein produktu sartu ahal izango diren Gazara.

Hamasek zortzi urteko setioa amaitzeko eskatzen du, Gazako aireportua martxan jartzeko eta itsasorako irteera baimentzeko. Erresistentzia islamikoko mugimendua prest agertu da PANi muga zaintzen uzteko, baina ez du baldintzarik onartu nahi inportazioetan; batez ere, Gaza berreraikitzeko behar dituen materialei dagokionez.

Tel Avivek Hamas desarmatzeko eskatzen du, halako neurriak hartzekotan. Baina Israelgo Gobernuak bere kabinetean du gatazka handiena, ministro eskuindarrenek ez baitute onartu nahi Benjamin Netanyahu lehen ministroak Hamasi inolako zesiorik egitea; erasoarekin jarraitu behar luketela dioenik ere bada. Sektore horren ahots ozenenetakoa izan ohi den Avigdor Lieberman Atzerri ministroak Hamas «behin betiko» suntsitzeko eskatu du, bestela gerra gehiago etorriko direlako: «Israelek ezin ditu jasan higatzen duten gerra gehiago. Orain indarrean den su-etena bertan behera geratzen bada, iniziatiba hartu beharko dugu, eta istorio hau lehenbailehen amaitu, horrek indarkeria handitzea esan nahi badu ere». Edozein proposamen onartzeko, Gazaren aurkako erasoan desagertutako soldadu israeldarren gorpuak itzultzeko eskatu du, halaber.

Ondorenerako prestatzen

Gazako herritarrek hiru eguneko etenalditxoa baliatu dute suntsitutako eraikinen hondakinak kentzeko eta zutik iraun duten azpiegiturak martxan jartzeko. Hango hedabideek diotenez, dendak zabaldu dituzte berriro, eta gazatarrek despentsa betetzeko baliatu dute, 72 orduko etena igarota etor daitekeenerako prestatzeko. Ur hornidurarako instalazio nagusiak, dena den, suntsituta daude, eta Israeldik eta Egiptotik heltzen den argindarra ere ez da aski.

Sei urtean, Gazaren aurkako hirugarren eraso handia izan da Hegi Babesgarria. Hilabete bete du jada, eta, datu ofizialen arabera, Israelgo armadak gutxienez 1.945 palestinar hil ditu, gehienak zibilak. Bonbardaketak etetean, ordea, gerra bera baino latzagoa izan daitekeen paisaia hasi da agertzen: suntsitutako auzoak, biktimak nonahi, eta atzera bueltarik ez duten kalte psikologiko eta sozialak. Palestinako hainbat hedabidek ohartarazi dute gerraostea garai zaila izango dela Gazako gizarte zerbitzuentzat, besteak beste, ehunka haur geratu direlako umezurtz, eta beste hainbeste, ezinduta.

Larri zauritutako hogeita hamarren bat palestinarri Erezeko muga igarotzen utzi diete, eta Turkiako hegazkin batek jaso ditu Tel Aviveko Ben Gurion aireportuan, atzerrian artatu ditzaten. Kalte materialez, ordea, palestinarrek eta nazioarteak ere arduratu behar luketela dio Israelek. Gazako Lan Publikoetarako eta Etxebizitzarako Ministerioaren arabera, 17.000 etxebizitza baino gehiago guztiz suntsituta daude, eta beste 43.000, hondatuta. Orain, Turkiak emandako 3.500 mobile-home sartu asmo dituzte Gazara, etxerik ez dutenetako batzuk haietan bizi daitezen.

Bestalde, atzo sei lagun hil ziren Gaza iparraldean: aurretik lehertu gabeko misil bat indargabetzen ari zirela, eztanda egin zuen hark. Hildakoen artean bonbak desegiteko hiru aditu, kazetari italiar bat eta itzultzaile palestinar bat daude.

Kritikak NBEren adituei

Nazio Batuen Erakundeak batzorde berezi bat izendatu du Gazaren aurkako erasoan gerra krimenik izan ote den ikertzeko. Datorren hilean da lanean hastekoa, baina dagoeneko hainbat kritika egin dizkio Israelgo Gobernuak.

Hain zuzen ere, adituek Egiptotik sartu beharko dute Gazara, eta ezin izango dira Jerusalemera eta Zisjordaniara igaro. «Batzordearen txostena idatzita dago», esan du Netanyahuk: «NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak zilegitasuna ematen die Hamasen eta Estatu Islamikoaren moduko erakunde terroristei. Hamasek Israelgo zibilen aurka egindako erasoak eta Gazako herritarrak giza ezkutu gisa erabiltzen ote dituen aztertu beharrean, edo [Baxar] al-Assadek Sirian edo Estatu Islamikoak kurduen aurka egindako sarraskia aztertu beharrean, Israel ikertzera etorri da NBE, Ekialde Hurbileko demokrazia bakarra».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna