'Egunkaria auzia'. Eskertza ekitaldia

«Memoria aktiboa» orain

'Egunkaria'-ko auzipetu eta inputatu izandakoek eskerrak eman dizkiote euskal gizarteari, Andoainen.Erasoa ez ahazteko eskatu du Torrealdaik.Kalte-ordainik eta barkamenik ez dela izan gogoratu du

Egunkaria-ko auzipetu eta inputatu izan diren kide batzuk, atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egindako eskertza ekitaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Andoain
2014ko urriaren 18a
00:00
Entzun
«Egun handia» izan zen atzokoa Egunkaria-ko auzipetuen «bizitza pertsonaletan», haien izenean Joan Mari Torrealdaik Andoainen (Gipuzkoa) adierazi zuenez: bukatu da Egunkaria auzia, eta «eskerrak» emateko unea iritsi zitzaien. Martin Ugalde kultur parkean egin zuten ekitaldia, Egunkaria-k egoitza nagusia zeukan lekuan. «Zama handia kendu dugu gainetik, guk, gure familiek, gure ingurukoek. Astuna izan da, eta astunak izan gara zuekin 11 urte hauetan», esan zien Torrealdaik han bildutako lagunei. Eskerrak eman zizkien defentsa abokatuei eta euskal gizarteari —baita Kataluniakoari ere—, eta, bide batez, beste mezu bat ere helarazi zien: ez ahazteko zer gertatu den. «Historia txarra errepikatu egiten da ahazten bada. Ez dezala ahaztu halakorik euskal gizarteak». Beraz, orain «memoria aktiboa» izateko eskatu dute auzipetu eta inputatu izandakoek.

Torrealdaik motzean laburtu zuen 11 urteotan pairatutakoa: «Zintzilik eduki gaituzte». Segidan aipatu zituen 2003ko otsailaren 20az geroztikako erasoak: atxiloketa «bortitzak», «legez kanpoko galdeketa zitalak», «torturak», kartzela, ondasun pertsonal eta kolektiboen «bahiketa», «irain publikoa». «Zigorra», hitz batean.

«Guk geuk azaldu behar izan dugu ez genuela errurik. Paradoxikoa badirudi ere, gure erasotzaileek ez dute beharrik izan gure balizko delituak frogatzeko. Errudundu egin gintuzten, zigortu, eta kito». Espainiako Auzitegi Nazionalak 2010ean absoluzioa ebatzi zuen kazetaren itxiera kasuan, eta aste honetan betiko itxi da pieza ekonomikoa, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ustezko delituak preskribatutzat jota, maiatzean Donostiako Zigor Epaitegiak ebatzi zuena berretsiz. Torrealdaik azpimarratu zuen Espainiako Estatuaren aldetik inork ez duela barkamenik eskatu. «Zorionez, bukatutzat eman dute kalbarioa. Baina kalte handien ordainik ez dago, ez guretzat, ez Egunkaria osatzen genuenontzat, ez gizartearentzat».

«Egunkaria-rentzat ere memoria eta erreparazioa» exijitu dituzte gutxienik auzipetu eta inputatu izandakoek, euskarazko proiektu hartan lanean jardun eta hura sustatu zuten lagun eta eragile denen ordezkari funtzioa betez. «Askok usteko zuen aurreko mendeko diktaduren garaikoak zirela halako estatu erasoak. Oker ziren. Gaur-gaurko Europako estatu homologatuak ere arrasto berari jarraitu dio, konplexurik gabe».

Ahaztuko ez dena euskal gizarteak Egunkaria-ri emandako babesa da, hizlariak Andoaingo eskertza ekitaldian esan zuenez: «Eredugarria izan da; guk ez dugu inoiz ahaztuko. Ez dezatela ahaztu belaunaldi berriek».

Emozioz ari zen mintzatzen Egunkaria SAko administrazio kontseiluko lehendakari izana. «Dena gutxi iruditzen zaigu, dena motz geratzen zaigu, euskal gizarteari eskerrik asko esan behar diogunean, hemen zaudetenoi eta milaka askori. Nola esan kataluniarrei ere eskerrik asko, jaso dugunaren neurri berean? Ezin. Beti labur geratuko ginateke. Elkartasuna, atxikimendua, sostengua, babesa, hitz batean, maitasuna, gainezka jaso dugu. Egunkari berri bat ere bai opari [BERRIA]».

Babes handia ekitaldian

Torrealdaik bukaeran esan zuen Egunkaria-ko inputatu eta auzipetu ohiak talde gisa azkeneko aldiz azaldu zirela jendaurrean, «modu xumerik xumeenean eskerrak emateko». Berrehunen bat lagunek entzun zituzten haren hitzak, eta txaloz eman zioten errematea hitzaldiari.

Han ziren auzipetu eta inputatuen senideak, Beatriz Zabalondo BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakaria, Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea, Jokin Azkue Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendaria, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua, Ana Karrere Andoaingo alkatea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Xanti Kiroga Udalbiltzako zuzendaria, Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea, Hasier Arraiz Sortuko presidentea eta Pernando Barrena bozeramailea, Aser Lertxundi Aralarreko zuzendaritzakidea, Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusia, Patxi Agirrezabala ELAko komunikazio arduraduna, Maider Jauregi LABeko komunikazioburua, Joxe Mari Elosua Egunkaria-ko defentsa abokatua, Imanol Ieregi Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusia, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria, Garbiñe Petriati Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusia, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria, Imanol Esnaola Gaindegiako idazkaria...

Ekitaldian izan ziren beste lagun batzuk: Antton Olariaga komikigilea, Olatz Osa (Elkar), Eneko Olasgasti zinemagilea, Antton Mendizabal eskultorea, Paulo Agirrebaltzategi, Jon Alonso eta Patxi Larrion idazleak, Beñat Sarasola literatur kritikaria, Imanol Lazkano bertsolaria eta Laxaro Azkune gai-jartzailea, Josu Amezaga EHUko irakaslea, Iñaki Alegria (UEU), Iban Aranzabal (Goiena Taldea), Jose Luis Aizpuru (Euskal Irratiak), Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendaria, Iker Martinez de Lagos (Topagunea), Joxe Jabier Iñigo (Naiz.eus), Elixabete Garmendia eta Mariano Ferrer kazetariak, Pello Zabala frantziskotarra, Martxel Toledo (ESAIT), Egunkaria-ko langile ohiak eta BERRIA Taldekoak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.