Giza katearen ondorena. Testuingurua

Agendaren lehen lerroetara

Giza katean 175.000 herritar batuta, Gure Esku Dago-k eztabaida politikoaren erdigunean jarri du erabakitze eskubidea. Dinamikak «sare iraunkor bat» sustatu nahi du, eragileen ekarpenak biltzeko

Jendetza elkartu zen herenegun Bilbon, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katea osatzeko. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jon olano
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Erabakitzeko eskubidearen defentsan, Gure Esku Dago dinamikak jauzi bat eman zuen herenegun. Kuantitatiboa: antolatzaileen arabera, 175.000 lagunek osatu zuten Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko giza katea, 201,9 kilometrokoa. 2014. urtean egin zutenarekin alderatuta, 25.000 pertsona gehiagok hartu zuten parte. Zenbaki horiek eskuan, jauzia kualitatiboa ere izan da: Euskal Herrianeginiko mobilizaziorik jendetsuenetakoa izan da, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko inoizko jendetsuena. Igandeko kateak oihartzun esanguratsua izan zuen nazioarteko hedabideetan; Espainiako Gobernuak horretaz hitz egin zuen, eta Athleticek berak babesa azaldu zion egitasmoari. GEDek ertz ugariko une politiko batean eragin du, eta agendan letra larriz idatzi du erabakitzeko eskubidearen defentsa.

ZIKLO POLITIKO ALDAKETA

Mobilizazioa akuilu

Sei hilabete eskasean, ehun mila lagun ingurutik gorako bost mobilizazio egin dira: urtarrilaren 13an, euskal presoen eskubideen aldekoa; otsailaren 22an eta maiatzaren 26an, pentsiodunena; martxoaren 8an, Emakumeen Egunekoa;eta herenegun, erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea. Izan dira gehiago dozenaka milaka lagun bildu dituztenak, apirilaren 14an Altsasuko auzian auzipetutako zortzi gazteen alde eginikoa, kasu. Gizartea ustez desmobilizatuta dagoen garaian, egitasmook errealitate ugari azaleratzen dituzte: batetik, euskal herritarren kezka nagusiak marraztu dituzte, eta erakutsi dute zer elementuri ezin zaien entzungor egin gaur egun euskal agendan. Bestetik, mobilizazio zikloek aldaketa politikoak sustatu eta iragarri izan dituzte; aldaketa horien atarikoak izan dira, eta, beraz, euskal gizartea ziklo aldaketa baten atarian dagoela esatea ez da esaldi hutsa. Javier Perez Royo juristak idatzia du legezkotasunaren eta zilegitasunaren arteko tentsioa ohikoa dela garai eratzaileetan —ez prozesu konstituziogileetan, bereizten duenez—, eta tentsio horrek adierazpide ugari izan ditu Euskal Herrian azken urte erdian. Herenegungo mobilizazioak eskema horretan kokatu du erabakitzeko eskubidea.

Pentsiodunenek edo Martxoak 8koek erakutsi duten bezala, mobilizazioek agenda politikoan eragiteko gaitasuna izan dute, eta, hor kokatuta, eragileak behartu egin dituzte gaiaren inguruan posizio bat hartzera: aldekotasunak eta kontrakotasunak nabarmentzera. Beste hainbeste gertatu zen herenegun; katearen tamainak zaildu egin du ezikusiarena egitea edo aintzat ez hartzea. Ez da anekdota hutsa herritar askoren sentipenean dagoen futbol talde batek posizioa hartu izana; erakusten du Athleticek aldarrikapen hori bere egiteko beharra nabaritu duela, eta, hura babestuta, hainbat herritarren posizionamenduan ere eragin dezake.

Edozein kasutan, aldarrikapen sozialak barneratu eta horiei bide emateko aukeren arabera neurtzen da, besteak beste, herrialdeen maila demokratikoa. Ildo horretan, GEDek marra gorri bat marraztu zuen herenegun, orain arteko lodiena: ziklo berri horretan, erabakitzeko eskubidea ezinbesteko elementua dela. Angel Oiarbide eta Jone Amonarriz GEDeko ordezkarien igandeko hitzetan, «herri hau ez dago prest atzera egiteko bere helburu eta asmoetan».

UNEAK ETA ABAGUNEAK

Eztabaida autogobernuaz

GEDek Euskal Herri osoan ezarri nahi du marra gorri hori. Herenegun, Eusko Legebiltzarreko atarira eraman zuen erabakitzeko eskubidearen defentsa —zehatzago, larunbatean aurkeztutako Herritarron Ituna—, eta igande eguerdian bertan iragarri zuten dokumentu hori Nafarroako Parlamentura ere eramateko asmoa zeukatela.

Aitzitik, azken asteetan, erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida indarra hartzen ari da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean. Batzorde hori hasi da Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politikoaren oinarriak adosten; hitzaurrea eta Atarikoa onartu dituzte orain arte, EAJren eta EH Bilduren babesarekin, eta atal horietan berariaz jaso dute Espainiako Estatuarekiko harremanaz galdeketak antolatzeko gaitasuna. Orain, oinarriak ari dira ezartzen, eta oinarri horiek aditu batzuen esku utziko dituzte ondoren, testu artikulatua osatu dezaten. Eusko Legebiltzarrak onetsi beharko luke ondoren, Espainiako Kongresuak gero eta, azkenik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek —ikusteke dago kongresuak onartu aurretik galdeketa gaitzaile esaten diotena egingo ote litzatekeen. Hala proposatu zuten hasieran EAJk eta EH Bilduk, baina jeltzaleek proposamenetik kendu zuten gero—.

Elkarrekin Podemosek, PSE-EEk eta PPk kezka azaldu izan dute orain arte lantaldeak eginiko bideaz, eta nabarmendu dute proposamen horiek ez dutela lekurik Espainiako Konstituzioan. Hori horrela, herritarren babesa gakoa izan daiteke Eusko Legebiltzarrak proposamenarekin aurrera egiteko.

GURE ESKU DAGO

Dinamika, indartzen

Herenegun, bost urte bete ziren Gure Esku Dago herri dinamika aurkeztu zutenetik. 2014ko ekainaren 8ko giza katea antolatzea izan zen abiapuntua, hiru premisa oinarri hartuta: «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da». Urteotan, ordea, herri mugimenduak beste dimentsio bat hartu du, zereginetan sakonduta, erabakitzeko eskubidea praktikara eramanda eta eskubide hori edukiz mamituta.

2016az geroztik, haren gerizpeko plataformek galdeketak egin dituzte 203 herritan, eta 189.000 lagun ingururen botoak bildu; 2014az geroztik, masa mobilizaziorako tresna izan da urtez urte, eta erabakitzeko eskubidearen beharra eta zergatiak jaso ditu Herritarron Itunean, larunbatean aurkeztutako agirian. Txostenean, erabakitzeko eskubidearen aldeko 2.019 arrazoi bildu ditu; kultur alorreko 393, ongizateari lotutako 502, herritartasunari buruzko 236 eta lurraldeari lotutako gaiei buruzko 197 —gainerako 686ak, gai askotarikoak—. Herritarren arteko artekaritza lana egin du, igandeko giza katean bat egindako aldarrikapenen aniztasunak erakusten duenez, deskonektatuak zeudenak konektatuz, eta mobilizatu gabeko herritar multzo bat aktibatu du, herritarren artean leialtasun eta autoidentifikazio berriak eratuz, mugimendu sozialetan ohikoa denez. Ibilbideaz gain, jendearen babesa eta zilegitasuna metatzen ari dira.

«Erabakitzeko eskubidearen aldeko sare iraunkorra sustatuko dugu, eragile bakoitzak bere ekarpena egin dezan erabakiaren bidean», esan zuten Oiarbidek eta Amonarrizek herenegun, Gasteizko oholtzaren gainean. Hori izango da GEDen erronketako bat datozen hilabeteetan, azaroaren 18an Donostian egitekoak diren galdeketarekin batera. Orduan helduko da dinamika hiriburu batean galdeketa antolatzera. Abagunea izango du hiriguneez gain herrialdeko beste sektore batzuetara ere zabaltzeko. «Hiriburuetan eragin egin behar dugu, eta seguruenik haietan fruituak emango dituzten prozesu batzuk hasiko dira hilaren 10etik aurrera», esan zion Oiarbidek BERRIA-ri joan den ostiralean argitaratutako elkarrizketan.

HERRI PROIEKTUAZ GOGOETA

Itunarekin, ekarpena

Hain justu, Herritarron Itunarekin, GEDek ekarpena egin dio Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan hainbat sektoretatik egiten ari den gogoetari. Hausnarketa horren motorretako bat da Eusko Ikaskuntza, azken hiru urteetan erakunde horrek dinamizatu baitu egituraketa soziopolitikoari, eredu sozioekonomikoari, eredu kulturalari eta euskararen etorkizunari buruzko gogoeta. Liburu Berdean bildu du alor guztiei buruzko diagnostikoa, eta, antolaketa soziopolitikoaren atalean, «euskal lurraldeen erabakitzeko gaitasuna» du aztergai. Erabakitzeko eskubidea «paradigma politiko berri gisa» proposatzen du: «Paradigma horrek esan nahi du autodeterminazio eskubidea egokitu egin behar dela erakunde propioak dituzten testuinguru demokratikoetara; erakunde horiek komunitatearen borondate demokratikoa adierazi eta kudeatzeko gaitasuna izango dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.