«Estropada onena izan da»

Lehen aldiz irabazi du Hibaikak Kontxako Banderaren lehen jardunaldian, eta San Juanen aurretik 2,66 segundo dituela ekingo dio bigarrenari. Herenegun lan oso ona egin zutela kontatu du Amaia Gezala arraunlariak.

Argazkiaren erdian, Amaia Gezala, herenegun, estropada amaitu berritan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Historia egin zuen Hibaikak herenegun goizean, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Norbaitek pentsa lezake bandera irabazi duela aurreneko aldiz, baina, ez, oraindik bigarren jardunaldia falta da. Hori bai, berak du gertuen, azkarrena izan zelako lehen egunean, igandean. Eta hori bera lehen aldiz gertatu denez da historikoa herenegungo jarduna Errenteriako taldearentzat.

«Ez dut barneratu oraindik igandean egindakoa», esan zion atzo BERRIAri Amaia Gezalak, (Hondarribia, Gipuzkoa, 1987), Hibaikako arraunlariak. «Ez dut astirik izan egunkariak irakurtzeko», gaineratu zuen, eta ez omen daki begiratuko dituenik ere, «aste honetan ahalik eta lasaien egotea komenigarria izaten delako, kanpotik datorrenari kaso handirik egin gabe». Berehala aldatu zuen, baina, asmoa: «Bere-berean eta betiko gauzak egitea ere ona izaten da, eta horixe egingo dut aste honetan ere».

Estropada handia egin zuen Hibaikak igandean. Lehen txandan joan zen, eta atzean izan zituen une oro Orio, Mecos eta Donostiarra. «Oso kontzentraturik atera ginen, eta garbi geneukan zer eta nola egin behar genuen. San Juan, aurkari zuzena, beste txandan zihoanez, erlojuaren aurkako modukoa zen estropada guretzat, eta ondo prestatuak atera ginen». Azken asteetan ari da ondoen Hibaika, bai estropadetan eta bai entrenamenduetan, eta lan hori dena igandean azaldu zela esan du Gezalak: «Urteko estropada onena egin genuen».

Segundo erdi bategatik ez zuen hobetu estropadako markarik onena, Zumaiarena (10.35,52), baina ez dio aparteko garrantzirik ematen horri Gezalak: «Orain, gure lana bandera irabaztea da, eta horretan gaude buru-belarri jarriak». Antzera jarraitu omen zuten sanjuandarren lana, beraiena bukatu eta segituan: «Erlojuari begira egon ginen denbora guztian, eta ez ziren hamar minutu motzak egin», aitortu du.

Inoizko gertuen du Kontxako Bandera desiratua Hibaikak, eta horrek presioa baino konfiantza eta ilusioa are gehiago handitu dizkiela dio: «Sekulako konfiantza eman digu igandekoak. Badakigu gai garela gu ere bandera hau irabazteko». Itsasoaren iragarpen oso txarraz, hausnarketa hau egin du: «San Juan hobeto moldatu da halakoetan, baina guk Euskadiko Txapelketa itsaso mugituarekin irabazi diogu aurten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.