Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Ea nor inoreztatuago

2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bi itzultzaile taberna batean. —Irakurri zenuen lehengoan Juan Luis Zabalak BERRIAn bertsolaritzari eta literaturari buruz idatzi zuen artikulua?

—Oso ona! Dena den, azkenean ematen zuen bertsolaritzaren neurriz gaineko puztualdi honekin kritikoa zen idazle hori erretxin samarra zela... baina arrazoi zuen gauza askotan. Bertsolaritzak oso agerikoak ditu mugak: lasto asko, bihi gutxi.

—Tira, tira, ez zara zu ere matraka horrekin hasiko, ezta? Literaturan ere, zenbat harri-pusketa apartatu behar da harribitxiren bat aurkitzeko? Bertsolaritza bertsolaritza da, literatura literatura da, eta kito. Ezin da diziplina bat epaitu beste diziplina baten irizpideekin. Ala esango zenuke esku-pilota futbola baino zozoagoa dela, zergatik eta pilota eskuz jotzen dutelako eta ez hankaz? Ba, horixe. Uste dut azkenaldiko debate antzu hau ez dela izan bertsolaritzaren eta literaturaren artekoa, baizik eta bertsolarien eta literatoen artekoa.

—Hara bestea! Hitz egin du gure bertsozale-pilotazale-mendizaleak, gure euskaldun perfektuak. Barkatu, baina ohartu zara? Ofizialki behintzat, hau Bertsolari Txapelketa Nagusia da, eta ez Bertso Txapelketa Nagusia. Literatur sariketak, aldiz, horixe izaten dira: literatura-sariak, eta ez idazle-txapelketak. Hortaz, zer jartzen da gorago diziplina batean eta bestean? Jarduna ala jardularia? Zer konnotazio du horrek guztiak? Posible al da hainbeste idazle bikain inoreztatzea, BECtsolaritza honen izenean?

—Ez zaitez jarri hain etimologiko, hain filologiko, hain esajeratu. Izenak izen dira. Kritika funtsik gabea egin duzu hor.

—Ezin baita kritikarik txikiena ere egin ghetto ñañar honetan. Gaur egun, eszeptiko eta politikoki ez-zuzen hitz egitera ausartzen dena kinki-minki bat besterik ez da, antza: ego-borroketan plisti-plasta laketzen den mandeuli bat.

—Ez, baina inbidia oso gauza berdea eta zabarra da, adiskidea. Txapelketa-garaian kasu dexente egiten zaiola bertsolaritzari? Ba, seguru asko, bai. Baina, hala ere, idazle-jendea miretsi eta errespetatu egiten da oro har kultur munduan. Badago lekua denentzat. Begira: txapelketa nagusi honetan, bi final-laurdenetan eta finalerdi batean izan naiz, beste saio gehienak Bertsoa.com-en ikusi ditut, eta sarrerak dauzkat Iruñerako eta Barakaldorako ere. Sekulako gozatua hartzen ari naiz! Baina horrek ez du esan nahi, adibidez, aurten abenduan Durangora joango ez naizenik eta han liburu mordoa erosiko ez dudanik eta liburu horietako askorekin ere gozatua hartuko ez dudanik.

—Egia, konturatu gabe nengoen: Durango ere bertantxe dugu eta.

—Aizu, eta Durango-garaitik kanpo ere erosten eta leitzen ditut nik euskal liburuak, e!

—Ez dizut nik kontrakorik leporatu. —Zazpi segundoko isiltasun amaigabea: trago batak garagardoari, trago besteak kafesneari.— Eta, pentsatzen hasita, badakizu beste zer datorren abenduan, Durangoz eta BECez gainera?

—Zer?

—Xabier Leteren heriotzaren zazpigarren urteurrena.

—Zazpi urte... Ene. Izugarri miresten nuen Lete. Orain, jende askok ez daki harenak direla gure kantuen hitz asko eta asko. Aurreko batean, iloba batek esan ez zidan, ba, Izarren hautsa Laboak idatzi zuela...! Kantugile, poeta, musikari bikaina zen Lete. Eta itzultzailea!

—Bai, edo egokitzailea. Nolako kanta bikainak ekarri zizkion euskarari? Oso gutxitan aipatzen da hori. Brassensekin hasi, eta... zenbat! Pavese, Cohen, Baroja... Llach. Ze ederra, adibidez, Pantxoa eta Peiok kantatzen zuten hura: Greziako itsasontzia, Vaixell de Grècia...

—Eta azkenaldian hainbeste aditu eta kantatu dugun bat: L'estaca famatu hori ere ez al zuen Letek euskaratu? «Hik bultza gogor hortikan»...

—...«ta bultza nik hemendikan!» —Bi itzultzaileek topa egin dute gogo beroz, garagardoarekin batak, kafesnearekin besteak.— Eta ezin ahaztu Jacques Brelen moldaketak. Lotsatiei buruzko kantu hura, maitale zaharrei buruzkoa... eta, ene, Ne me quitte pas, Ez nazazu utzi...

—Ba, horren doinua bertsolari-txapelketara ekarri dute aurten...

—Bai, bai. Baina Jacques Brel euskaraz: horretaz ari ginen. Ni beti akordatzen naiz Letek egin zuen azken kontzertu hartaz. 1998a izango zen, edo 1999a. Egun hartan, Brelen Amsterdam ikaragarria kantatu aurretik, hantxe hasi zen esaten ezin izan zituela euskaratu azken bi lerroak, inposiblea zela, euskaraz ez zela hor ezertxo ere kabitzen. Eta orduan, zer egingo, eta bere hartantxe kantatu!: «Ils pissent comme je pleure/ sur les femmes infidèles!».

—Kar-kar... Tira. Pasadizo hori gorabehera, a ze itzulpen-puskak Leterenak.

—Baina nor gogoratzen da horretaz? Iritsiko da urteurrena, eta ekarriko dugu gogora Lete abestigilea, Lete poeta... eta Lete itzultzailea, zer?

—Arte guztien izenean inoreztatua!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.