KRITIKA. Opera

Errauskine duina

2016ko azaroaren 25a
00:00
Entzun

'Errauskine'

Autorea: Gioachino Rossini. Abeslariak: Jose Maria lo Monaco, Edgardo Rocha, Paolo Bordogna, Bruno de Simone, Marta Ubieta, Maria Jose Suarez. Bilboko Operaren Koroa. Musikariak: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Musika Zuzendaria: Antonello Allemandi. Eszena zuzendariak: Jean Philipe Clarac eta Oliver Deloeuil. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Azaroak 22.

Denbora da Bilbo aldean ez genuela publikoa hain epel ikusten XIX. mendeko operaren baten aurrean, baina baliozkotzat jo dezakegu Toulongo operaren ekoizpena, taldeko abeslariek erakutsitako entregagatik eta musikarien lan onagatik, Antonello Allemandiren zuzendaritza onaren pean. Eszena, aldiz, eskasa eta desegokia iruditu zitzaigun.

Hasteko, esan beharra dago egun ez dela batere erraza halako melodramma giocoso bat antzeztea. Izan ere, jatorrizko ipuin fantastikoa fartsa bihurtu zuten Ferreti libreto egileak eta Rossini musikariak, eta, batez ere, zailtasunez bete, mezzoaren kantaldia bereziki. Bada, ez dira asko halako opera bufo batean kantatzekoprestu dauden abeslariak.

Hala, Errauskineren rolean erakutsi zuen jarrera ezin zaio ukatu Jose Maria lo Monaco emakumezko mezzoari; ez eta haren gaitasuna coloratura kantatzeko ere, hots, gora eta behera doazen nota arinak eta fioriturak garbitasunez jaurtitzeko. Eta horrela erakutsi zuen, esaterako, azkeneko Rondoan, beheranzko bi oktabetan bizkortasunak egin zituenean. Baina, ahotsaren zabaltasunik ezaren falta ere sumatu genuen beheko erregistroan nahiz bolumenean.

Edgardo Rocha, berriz, tenor arina da, eroso mugitzen dena goi erregistroan, eta kolorezko ahotsa azaldu zuen, Ramiro bikotekidearen rolean; akaso, bolumen handiagoa beharko zuen orkestraren parean, gutxienez, egon zedin.

Bruno de Simonek, berriz, eder antzeztu eta abestu zuen aita diskriminatzaile eta berekoiaren rola, eskarmentu handiko rossiniar baxu bufoa baita.

Paolo Bordogna baritonoak oso ondo landu zuen rol barregarria, ahots zabalarekin.

Halaber, asko gustatu zitzaizkigun Marta Urbieta —gora doan sopranoa— eta Maria Jose Suarez —mezzoa—, Errauskineren ahizpa maltzurren roletan. Opera honek behar duen bolumena erakutsi zuten, besteen gainetik, eta kanturako nahiz antzezteko eskarmentu handia erakutsi zuten.

Petros Magoulas baxuak ere duintasunez abestu zuen bere rola. Bilboko Operaren Abesbatzak, kasu honetan gizonezkoek, indartsu eta bizitasunez abestu zuten, eder.

Antonello Allemandi maisuak, eskarmentuarekin eta Rossinik behar duen moduan, primeran kontzertatu zituen abeslariak—seikote eta boskoteetan—, eta erritmo egokian eraman zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoa, bikain egon zena.

Kenketaren zorro sakonean, aldiz, eszena zuzendariek ez zuten asmatu operak behar zuen giro eszenikoarekin. Minimalismoari atxikita, eszenaren erdian jarri zuten kutxak ez zuen balio izan libretoak eskatzen zituen egoitza desberdinak irudikatzeko; ez eta agertokia lepo betez eskegi zituzten arropek ere, Errauskinek bizi zuen esklabotza adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.