begona del teso
IRITZIA

Zinemaren manera (ia) guztiak

2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Azkeneko 70 urteetan gertatu izan den bezala, pasatu berri den Canneseko zinemaldian zinema zer, zinema nola, zinema zertaz, zinema nondik eta nora; zinema zeren bitartez, zein baliabidez aztertu, dastatu, eztabaidatu da. Pozez edo arbuioz. Txaloz edo ostikoka.

Belinda bere filma ACID izeneko sail zeharo irmo, trinko, paralelo-paraleloan, saihesturiko- saihesturikoan aurkeztu zuenean, Marie Dumora zinemagile Alsaziakoa honela mintzo zen: «Gustuko ditut pisu handiko kamerak. Eta gorroto bidaiarako ile-lehorgailuak diruditen txiki-txikitxo horiek. Gustuko dut soinu injinerua beti nire arrimuan izatea. Bera bere tramankulu erraldoiarekin eta ni nireaspaldiko kamera sendoarekin. Ez, ez dut foku distantzia aldatzen. Hurbileko planoak eta orokorrak hartzeko ni neu mugitzen naiz. Kamerarekin».

Marie Dumorak unibertso bere-berezkoa sortu du bere zinemagintzan. Colmar herri inguruan. Bere film guztietan agertzen diren pertsonaia berdinekin. Ez, ez duRichard Linklaterren Boyhood-en antzeko zerbait burutu, baina hazten, zahartzen, tristatzen, borrokan eta amodio- jokoetan ikusten du —eta ikusarazten digu— aspalditik bere jendea. Baita lurra eta etxeak,xenda eta kaleak ere.

Marierena da Cannesen dastatu genuen zinema ulertzeko era bat. Zientoka izan ziren. Safdie anaiena, esaterako, Denok uste—eta espero— genuen ordu luzez euren Good Time paregabeak sariren bat lortuko zuela. Sari potoloa. Baina ez. Epaile aldrebestu horiek nahiago izan zuten Nicole Kidmani luzatu aurtengo ikur berezia. Horra, erabaki horretan zinema zer (ez) den ulertzeko beste era bat.

Safdie anaien aitak etengabe filmatzen zituen Josh eta Ben. 8 urte zituela, Joshek aitari kamera lapurtu eta anaiarekin hasi zenirudiak sortzen/harrapatzen. Gero biek unibertsitaterako bidea hartu eta bertan Cassavettes eta Bresson bezalako egileen lanak deskubritu zituzten. Cannesen denen estimua —beno, epaimahaikiderena ez, prexixo—bereganatu zuen Good Time istorio ezin geldituzkoa da kamera lapurreta horren eta zinema ikasketa haien emaitza zirraragarria. Zirraragarria estiloz. Zirraragarria maneraz. Zinema zertanaldarrikatzeko modu gaur egungoaz.

Sergei Loznitsa Ukrainako semea da eta mugimenduan den irudiak zertarako balio duen eta nahi duzun hori helarazi ahal izateko nola erabili bere modu erradikalaz partekatzen du gurekinKrotkaya lan infernuzkoan. Gaurko Errusiaren potreta latz honek eta bertakoen isla garratzak dardaraz jartzen dute ikuslea; une kafkiar andana izan arren, eszena luze batez Lynch, Jodorowsky eta Ozeko aztia gogora ekartzen ditu film handi eta deabruzko honek.

Zientoka manera zinema zertan, zinema nola, zinema norentzat, zinema nork, zinema non eztabaidatzearren. Bitartean, epaileak gor, epaileak itsu, epaileak harroxko, eta zuzendaririk onena izendatzen duen saria inoiz baino gaizkiago filmatu duen Sofia Coppolari eman zioten. Bere The Beguiled-ek ez du ez mamirik, ez surik, ez desiorik, ez zinemarik bere zeluloidezkoerraietan, baina, jakina, zinemagile emakumezkoak nola edo hala egon behar palmaresean. Bale bada.

Zinemaz gainezka, ordea, The Florida Project, Sean Bakerren azkena. Kuriosoa, kuriosoa oso eta esanguratsua kontatuko dizuedan hau: Sean Bakerrek iPhonez filmatu zuen urte gutxi Cannes zoratu zuen Tangerine. Oraingoan, kasik inork ez darabilen 35 milimetroko formatuklasikoan errodatu du Amerika sakonean barna bidaiatzen duen harribitxi txiki hau non salaketak eta bihurrikeriak ederki nahasten diren. iPhonetik 35 milimetroetara. Zer esan nahi ote du horrek? Irudia eta istorioak benetan maitatzen dituztenentzat dena dela zinema. Bost formatuak, bost euskarriak. Bost... plataformak.

Ederki dakizue zein eztabaidak bete zituen Cannesko orduak eta egunak: ea zinema zinema aretoetan ikusi behar den derrigorrez, ea beste pantailetan, beste gailuetan, beste kristal edo kuartzozko ispiluetan ikusten dugun irudi multzo horri zinema deitzea zilegi ote den.

Zozokeria hutsa auzia plazaratzea —pantailaratzea, hobe?—. Aretoetarako egiten diren hainbat eta hainbat film ez dira inoiz aretoetara iristen. Gure mendebaldeko babes eremutik at bizi diren milioika ikusle sekula ez dira areto batera arrimatu munduko mila lekuetan horrelakorik ez dagoelako. Herrixka askotako bizilagunek urtean behin bidaltzen dute bertako ipuin kontalaria hirira han pelikula bat aretoan zein etxola batean ikus dezan. Bueltatuko da gero, bilduko da herria zabalgune batean edo zuhaitzar baten itzalpean, eta kontalariak kontatuko die zertaz, nolaz pelikulaz. Ez, Netflix eta antzekoak ez dira Etsaia. Birdimentsionatu behar dugu gure harremana zinema hitzarekin. Hitzarekin. Eta ez biltzen dituen milaka, milioika amets, modu, amesgaizto, plazer, min, irudi, erritmo, molde horiekin. Zinema aretoetan? Bai eta ez. Ez eta bai. Ez baita zinema inolako euskarri edo plataformaren esklabo. Komiki batean ere izan daiteke ezkutua. Frogarik? Laster Iparraldeko zinema saloietan estreinatuko den Zombillénium beldur eta umorezko animazio berdindugabea. Cannesen estreinatu zen egunean, gazteek inbaditu zuten aretoa eta estreinako aldiz zinemaldian, gure akreditazio txartel arras garrantzitsuak —beti eta omen— ez zuen inolako baliorik izan. Zinema etengabe ari da aldatzen. Jaialdi askotako epaile eta antolatzaile asko, ordea, zaharkitzen eta harri bihurtzen. Ez izan kezkarik, zuek adi egon etaedonongo pantailatan —nahiz eta sakratu horiek izan ez— agertu orduko harrapa itzazue Okja, You were neer really here, Jeune Femme edo En attendant les hirondelles. Eskura duzuen pantailak ez ditu dituzten dohainak itxuraldatuko. Zin dagizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.