Ignacio Gonzalez aske geratu da, 400.000 euro ordaindu ostean

Madrilgo presidente ohiaren sareari komisioetan 1,2 milioi euro jasotzea leporatzen diote

Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Madrilgo Autonomia Erkidegoko presidente ohi Ignacio Gonzalez baldintzapean aske geratu da, 400.000 euroko bermea ordaindu ostean. Manuel Garcia Castellon epaileak herenegun ezarri zion bermea, eta egun bat baino gutxiago behar izan du dirua lortzeko. Gonzalezen inguruko 11 pertsona izan dira dirua jarri dutenak. Epailearen erabakiak fiskaltzaren babesa izan du.

Lezokasuagatik inputatuta dago Gonzalez, «legez kanpoko komisioetan» 1,2 milioi euro jasotzea leporatuta, baina, epailearen ustez, «ihes egiteko eta berriz delitu bat egiteko» arriskua murriztu egin da. Pasaportea kenduko diote, eta ezingo da Espainiako Estatutik irten. Gainera, astero epaitegian aurkeztu beharko du.

Halere, epailearen esanetan, Gonzalez eta Edmundo Rodrigez, bere konfiantzazko gizona, «euren funtzio publikoez baliatu dira Madrilgo erkidegoaren ondaretik bidegabe etekina ateratzeko».

Asteartean, Gonzalezi bermea ezartzeko idatzitako autoan, hark ustez eginikoak «ekintza indibidualak» ez direla azaldu zuen epaileak, «kolektiboki eginiko delituak» baizik. Horri gehitu dio Gonzalezek delitu bat egiten ari zenaz «erabat jakitun» zela.

Gonzalez apirilaren 21etik zegoen preso Soto del Realeko espetxean (Madril, Espainia), eta ordutik hiru eskaera egin zituen askatasuna eskatzeko, «bere gain jarritako usteak betetzeko zegoen froga faltagatik».

Ustelkeria kasuak

Lezokasuko hiru operaziotan agertu da Ignacio Gonzalezen izena, guztiak Isabel II.a kanalari lotuak. Isabel II.a kanala Madrilgo Autonomia Erkidegoko urak kudeatzen dituen enpresa da.

Epaileak ikertzen duen lehen operazioa Kolonbiako Inassa enpresa lotutakoa da. Madrilgo uren enpresak Inassa 100 milioi eurogatik erosi zuen; bere balioa baino 70 milioi euro gehiago.

Gonzalez ez zen erkidegoko gobernuko kide garai hartan, baina ondoren irregulartasunaren berri izan eta ez salatzea leporatzen zaio. Izan ere, kanaleko kudeatzaileek irregularki diru publikoa erabili zuen erosketaren inguruko ikerketa bat egiteko, eta txosten hark iruzurra agerian jarri zuen. Gonzalezek, ustez, informazio hori erabili zuen «erosketa egin zuten arduradunen artean inpunitatea lortzeko».

Bigarren iruzurrean Gonzalezek zuzenean parte hartu zuen, Rodrigezen laguntzarekin. Kanalak Brasilgo Emissao enpresa erosi zuen, 25 milioi euroren truke, eta, ikerketaren arabera, biek etekinak atera zituzten operaziotik. Azpijokoak «muga nazionalak» igaro zituen, epailearen arabera.

Ustelkeria sare horrek izen mailegariak ezarri zituen Liechtensteinen, Suitzan, Luxenburgon eta Erresuma Batuan, «desbideratutako diru publikoa» ezkutatzeko. Diru hori, besteak beste, maileguen eta «itxura legala» zuten enpresen bidez itzularazten zuten Espainiako Estatura.

Gonzalezi lotutako azken ustelkeria kasua Isabel II.a kanalaren lurretan 2006an eginiko golf zelaiari lotua dago. Gonzalez saiatu zen irregulartasun horien errua Madrilgo presidentetzan bere aurreko izaniko Esperanza Agirreri botatzen, baina Manuel Garcia epaileak banan-banan azaltzen ditu ustez era irregularrean golf zelaiaren eraikuntza eta ustiaketa banatzeko orduan Gonzalezek emaniko pausoak.

Epailearen autoaren arabera, Gonzalezek eta bere bazkideek 1,2 milioi euro irabazi zituzten komisioekin. 578.474 euro jaso zituzten Dragados enpresatik —zelaia eraikitzeaz arduratu zen— eta 623.064 Green Canal Golf enpresatik —zelaiaren ustiaketaz arduratu zen—.

Horretarako Tecnoconcret enpresa erabili zuen presidente ohiak, bere anai Pablo Gonzalez eta bere koinatu Juan Jose Caballero enpresan kokatuz. Epaileak uste du «enpresa instrumentala» dela, zelaiko obrak adjudikatu baino hamabi egun lehenago sortu baitzuten, eta hiru langile besterik ez ditu izan.

Jasotako 1,2 milioi euro horien zati bat 59 txeke erabiliz atera zuten enpresatik, era horretan, sareak 532.339 euro lortu zituen eskudirutan 2005. eta 2014. urteen artean. Eta beste 197.858 euro beste 42 txekerekin.

Dirua zuritzeko beste hiru enpresa ere erabili zituen sareak: Reimex Representaciones —Tecnoconcreteko langile bat zen kudeatzailea, eta beste langile baten senideak akziodunak—, Asesora 25 —2013an hildako abokatu bat zen izen mailegaria— eta Proyectos Ecosistemas —Gonzalezen koinatua zen kudeatzailea—.

Enpresa horiek Tecnoconcretekin eginiko negozioen faktura faltsuak egiten zituzten, enpresa legalen itxura emateko. Era horretan, presidente ohiaren sareak 859.000 euro inguru zuritu zituen, golf zelaiagatik jasotako «legez kanpoko komisioen» %70 inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.