Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Marotok «konpromiso etiko» bat aurkeztu du, EAJri keinu eginez

PPko alkategaiak arrazakeriaren kontrako eta elkarbizitzaren aldeko akordioa eskaini die indar politikoei.Larrionek salatu du alkatetza ez galtzeko «mugimendua» dela eta ez dela «sinesgarria»

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Inbestidura saiorako soilik bost egun falta direnean, Gasteizko Udaleko aginte makila ez galtzeko etsi-etsian dabil Javier Maroto popularra. Datozen lau urteetarako alkatea izendatzeko aste erabakigarria hasi denean, EAJri keinua egin dio PPkoak eta gizarte politiketarako eta arrazakeriaren kontrako «konpromiso etikoa» mahai gainean jarri die alderdiei. Indar politikoekin akordioa errazteko balio dezakeelakoan egin du urratsa, baina batez ere jeltzaleengana hurbiltzeko egin du. Izan ere, herenegun EAJko presidente Andoni OrtuzarrekMarotori ohartarazi zion astebeteko epea zuela jarrera politikoa aldatzeko, eta oposizioko taldeei «bestelako hiri baterako akordioa» proposa diezaiela eskatu zion. Horri erantzunez egin du urratsa Marotok, nahiz eta aitortu duen EAJk egindako eskaritik «harago» doala proposamena, bere buruak hala agintzen diolako egin duela.

Udal hauteskundeak irabazi zituen Marotok Gasteizen —bederatzi zinegotzi eta 35.484 boto lortu zituen—, baina alkate izateko gehiengo osorik ez du. PPkoari aginte makila kentzeko akordioa behar dute oposizioko taldeek, baina gaur-gaurkoz soilik EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazi prest agertu dira aldaketa babesteko. Inbestidura saioa gainean denean, argitu gabe jarraitzen du Gasteizko Udalaren etorkizunak. EH Bilduk gehiengo alternatiboa osatzeko egindako proposamenari batu ala ez erabaki behar du EAJk, Marotori alkatetza kentzeko hamalau boto behar direlako, baina jeltzaleek ez dute oraindik esan zer egingo duten. PPri aginte makila kentzeko EAJren botoak, beraz, erabakigarriak izango dira larunbateko udalbatzarrean.

Gutxiengoan eta bakarrik egonda, inbestidura saioari begira mugitu beste aukerarik ez du izan Marotok. Hala, azken hilabeteotan hainbat etorkinen aurka Gasteizko herritar asko aztoratu dituen mezuari buelta eman nahi izan dio, eta «elkarbizitza» eta «kohesio sozialaren» aldeko akordioa eskaini die gainerako alderdiei. Gizarte politiken inguruan akordioa lortzen saiatzeko «konpromiso etikoa» jarri die mahai gainean. «Ezberdina errespetatzeko, justizia sozialaren alde lan egiteko eta integrazio soziala errazteko» akordioa dela azaldu du jarduneko alkateak.Arrazakeriaren kontrako zein laguntza sozialen aldeko ituna dela azpimarratu du.

Bere izena arrazakeriarekin berriro lotu ez dadin, «mezu argia eta tinkoa» helarazi nahi izan du proposamenarekin. Nolanahi ere, diru sarrerak bermatzeko gizarte laguntzen ustezko iruzurren inguruan orain arte izan duen diskurtsoari eusten diola argitu du Marotok. Ez duela atzera egiten, alegia: «Ez da norabide aldaketa bat, gizarte laguntzen iruzurrari aurre egin behar zaiola tinko defenditzen jarraituko dudalako». Baina onartu du bere mezua ez dela «behar bezala» ulertu, maiz gaizki interpretatu delako, eta horregatik egin behar duela «autokritika».

Ukatu egin du, hala ere, mahai gainean jarritako konpromisoa EAJren eskaerari erantzuteko proposamena dela; hortik «harago» doala esan du, bere buruak ere hori egitea agintzen diolako. «Egun bat gehiago ezin dut igaro nire pentsaeran arrazakeria izpirik ez dagoela argi esan gabe, jarrera hori ez datorrelako bat nire izateko erarekin», azaldu du.

Areago, Marotok agindu du larunbatean alkate aukeratzen badute «lehen egunetik bertatik» agertu nahi duela arrazakeriaren aurka duen jarrera. Hala, bere asmoa da lehenbailehen Gora Gasteiz mugimenduko kideekin bilera egitea, ziur delako bat egiten dutela printzipio askotan.

Larrionek ez du sinesten

EH Bilduko alkategai Miren Larrionen ustez, ostera, sinesgarritasunik ez du Marotok egindako proposamenak, eta EAJren babesa lortzeko asmotan egindako «mugimendua» izan da. «Ez du inolako sinesgarritasunik, bakarrik alkatetza arriskuan ikusi duenean mugitu da, eta argi dago EAJren eta PPren arteko egunotako hartu-emanei erantzuten diela». Arrazakeriaren eta elkarbizitzaren aldeko proposamenak ez duela oinarririk salatu du Larrionek, eta «hemeroteka» horren lekuko dela dio. EH Bilduko hautagaiaren irudiko, «ekintzetan» oinarritutako aldaketa behar du PPk, gizarteak «ozen» eskatu diolako.

Sei zinegotzirekin bigarren indarra da EH Bildu Gasteizko Udalean, eta Maroto alkatetzatik kanporatzeko gobernu alternatiboa eratzeko ahaleginean jarraituko duela nabarmendu du Larrionek.«Udalerri barneratzailea eta irekia nahi duen gehiengo soziala artikulatzeko lanean segitzen dugu». Gehiengo alternatiboa lortzeko, hirugarren elkarrizketa sorta abiatuko du Larrionek, eta EAJri dei egin dio «aldaketaren dinamikara» batzeko.

EAJk, baina, EH Bilduren eskaintzaren gainean erabakirik hartu gabe jarraitzen du, eta balizko akordio guztiei irekita dago oraindik. Gaur bertan, bilera dute EAJko eta PPko Arabako zuzendaritzek Gasteizen, Biltzar Nagusietako eta Gasteizko Udaleko egoera aztertu eta itunak erabakitzeko. Herenegun, Xabier Agirre Araba Buru Batzarreko presidenteak aitortu zuen «luze» joko dutela akordioak bilatzeko bi erakundeetan abian diren negoziazioek, eta azken unera arte ez dela erabakirik hartuko. Gasteizko Udalean gertatzen denak Arabako Aldundian eragina izango duela ziurtatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.