Seigarren tituluaren bila

Euskal selekzioa Kayak Surfeko Munduko Txapelketan ariko da hilaren 19tik 26ra, Perun. Hamabost euskal kirolari lehiatuko dira

Euskal selekzioko kideak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, atzo. IREKIA.
Julen Etxeberria.
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriak ez du parekorik kayak surfean. Datuei erreparatu besterik ez dago euskal kirolariek kirol horretan duten nagusitasunaz konturatzeko: sei munduko txapelketa jokatu dira orain arte; batean izan ezik, guztietan gailendu da euskal selekzioa, eta irabazi ez zuen ekitaldi horretan txapeldunorde izan zen. 2007an, Euskal Herrian, Bakion (Bizkaia); 2011n, AEBetan; 2013an, Australian; 2015ean, Galizian; eta, duela bi urte, Ipar Irlandan. Bost ekitaldi horietan izan da onena euskal selekzioa. Banaka, berriz, makina bat domina eskuratu dituzte euskal ordezkariek.

Datorren astean ariko dira berriz ere onenekin lehian, hilaren 19tik 26ra bitartean jokatuko baita Munduko Txapelketa, Perun, Trujilloko Huanchaco hondartzan. Hamabost euskal kirolarik hartuko dute parte: emakumezkoetan, Ainhoa Tolosa, Olatz Garmendia, Irati Bordagarai eta Andrea Garcia ariko dira; lehiaketa irekian, Xabi Olano, Odei Etxeberria, Hodei Crujeiras eta Gorka Martin; master mailan, Oskar Martinez, Edu Etxeberria, Luis Abando, Ruben del Rio eta Txema Carreto; eta junior mailan, Peru Barandiaran eta Iñaki Urbe. Bost taldetakoak dira: Bizkaiko Mundaka, Barrika, Itsasondo (Bakio), Dzanga (Lekeitio), eta Gipuzkoako Donostiako Nautikoa. Hautatzailea, berriz, Edu Etxeberria da.

Euskal selekzioa beste sei herrialderekin ariko da nor baino gehiago: Ingalaterra, Irlanda, AEBak, Argentina, Eskozia eta Jersey. Edu Etxeberria hautatzaileak atzo euskal selekzioaren aurkezpenean azaldu zuenez, kayak surfean «munduko selekziorik indartsuenen artean sendotzea» da helburua.

Euskal selekzioak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du. Horregatik izan ziren atzo aurkezpenean Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria. Zupiriak nabarmendu egin zuen «Euskadi ofizialki ordezkatzeko» kirolari horiek egin duten «apustua». «Jakitun gaude euskal selekzioarentzat ezinezkoa dela kirol guztietan ofizialki lehiatzea; nolanahi ere, aukera hori ematen duten kiroletan pausoa eman, eta saiatu beharra dagoela uste dugu. Kayak surfa azken horien artean dago, eta kirol honetako Euskadiko kirolari onenek euskal selekzioarekin duten konpromisoa txalotzekoa da. Horrez gain, beren maila ere eskertu behar diegu, diziplina honetako onenetarikoen artean baitago gure selekzioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.