Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Hautsa eta lastoa

2016ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Ez dago dokumental-musikala baino genero xarmagarriagorik. Maite ditugun musikarien erakargarritasuna erraz ulertzen da, baina, genero honek duen malgutasunari esker, gorroto duzun edozein estilo musikaletako dokumentala irents dezakezu. Eta gozamenaz txoratu arte gainera. Nire dokumental kuttunenen zerrendari errepaso azkar bat eginda, gustuko ez ditudan musikarienak daude gailurrean. Istorio eder bat ondo kontatua baldin bada, bost axola hardcore, jazz, death metal edo reggaetoia entzun soinu bandan. Horrela, talde heavy batek eragindezakeen negarra —Anvil hunkigarriak, adibidez—, David Bowieren dokumental batek ez du sekula lortuko.

Azken hamarkadan dokumentalaren formatuak bizi izan duen irekitasuna musikaletan ere nabari da, eta amaitu berri den Dock of the Bay jaialdian berriz izan gara horren lekuko. Aurtengo adibiderik esanguratsuenak, B-Movie: Lust & Sound in West-Berlin 1979-1989 filmak, fikzioa eta errealitatea bikain nahasiz zinema aretoko besaulki-patio osoaren sinesgarritasuna nahasarazi zuen. Zoratzekoa.

Beraz, erraza da halako zinemaldi baten programazioa eratzea. Izen handien istorio txikiekin josi eta musikari ezezagunen istoriotxo haluzinanteekin bete. Halere, badago hanka sartzerik, beste jaialdietan ere hedatua dagoen gaitzaren erruz: izen ospetsuen gatzgabeko lanak. Programatzaile baten lana hautsa lastotik bereiztea da, baina ospeak itsututa, askotan lastoa hautsa bihurtzeko arriskuan gaude.

Hala, aurtengo edizioko zuzendaririk famatuenak, David Truebak, dokumental lotsagarria aurkeztu digu. Berak eta Fran Nixon musikariak oporretan —oso txarto, ezin okerrago— grabatutako tontakeria apatikoa sartu ziguten. Ordea, abizenaren zama handiegia zen tentazioari uko egiteko.

Donostiako Zinemaldian Amen filma sail ofizialean lehian ikusi genuenetik, horrelakoei kimkiduk bat egitea esaten zaio. Defendagarria da bakoitzak duen askatasuna edozer ergelkeria grabatzeko eta zabaltzeko, nola ez ba. Baina defendaezina da zinema jaialdietan edozer programatzea, zinemagile baten abizenaren lilura ezin baita berme bakarra izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.