Albistea entzun

Nerbioi eta Ibaizabal arteko bidegurutzean

Zaratamoko Moiordin auzotik abiatuta, Upo eta Artanda mendiak igoko ditugu gaurko txangoan
Tamaina handiagoan ikusi

ALBERTO ERRAZTI -

2007ko urtarrilak 26

Globalizazioa munduko pobrezia areagotzen ari den garaian, herrialde garatuetan astialdia kontsumoari lotuta dagoela sinetsarazi nahi digute. Geografia arloan esaterako, Basauri aipatu eta bizkaitarrei Bilbondoren irudia etorriko litzaieke burura, saltoki gune handia udalerri horretan kokatzen delako. Ez, ordea, toponimoak berak adierazi arren, bertako Urbin elkartzen direla Bizkaiko ibairik garrantzitsuenak: Ibaizabal eta Nerbioi, edo pabiloi erraldoi horien osteko pinudietan Upo eta Artanda mendiak gordetzen direla. Beraz, eguna tankera horretako saltokietan ematea da gaur egunean eskaintzen zaiguna; ibili bai, baina marka ezagunen erakusleiho artean. Hedabideetako marketin sarkorra barneratuz gero, gainera, beti amaituko dugu txangoa zer edo zer erosten, behar izan edo izan gabe. Bada, horren aurrean ibiltze hutsak egitea izaten da nire txoko apal honetatik bultzatzen dudana, diru trukerik barik.

Betiko Gorbeialde edo Urkiolaldeko irudi bukolikoetatik kanpo, badira zenbait mendi gizakiaren aurkako borroka erdi galdu dutenak; pabiloiek, errepideek, harrobiek eta zabortegiek, adibidez, desitxuratu egin dituzte erabat. Are gehiago, quad suntsitzaileak erositako mertzenario berriak ez hain aspaldiko motorzale zaratatsuak ordezkatzen ari direnean. Baldintza zorrotz hauek jasan behar izaten dituzte gure gaurko protagonistek, Upo eta Artanda mendiek, hain zuzen, baina horregatik ez ditugu baztertuko, hainbeste datu ezkor artean edertasuna bilatzera joko dugu: munarri zaharrak, izen bitxiko ermita, pagadi zoragarria pinudiz jositako inguruan, e.a.

MUGARIK MUGA. Aipatutako mendiez gozatzeko, abiapuntu ugari erabil ditzake ibiltariak: Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, Ugao edo Zeberio. Deskribatuko dizuedana BI-625 errepide ertzeko Makatza jatetxe aldamenetik hasiko da; Zaratamoko Moiordin auzoan, hain zuzen ere. BI-4703 errepidea Burbustun hil aurreko bidegurutzean (16'), mendebalderantz joko dugu, bide lautik. Undurragatik Bilborako ur hodi erraldoiak topatzean, beste aldeko pistatik gora abiatu, eta sigi-saga batzuen ostean, Motako antenara helduko gara (344 m). Aurrerantzean munarriei jarraitzea baino ez dugu egingo. Aldatsa tentea izango da gaurko lehen Ehunekora hurbiltzeko. Artandako buzoia Padura mendi taldeak jarri zuen, lehen aldiz, 1951n; okertuta bai, baina oraindik gogor ditu sustraiak. Antzinako munarriak ere ikus daitezke MP-8 berriaren ondoan. Jaisteko gasbidea izango dugu bidaide, HE-rantz. San Segismundo ermitan atsedentxoa hartzeaz batera, bertako plaka irakur daiteke. Daturik aipagarriena izena litzateke, XVIII. mendetik balizko beste bi baikenituzke: San Sabas eta San Migel. Etxaldetik bigarren Ehunekoren aldera joango gara; hori bai, pistatik izan beharrean, inguruan dagoen pagadi eder eta bakarretik zehar. Pinudian sartutakoan, bidezidorrak pista zabalean utziko gaitu berehala. Azken txanpa maldatsuaren bidez, Padura Mendi Taldearen buzoia ezagutuko dugu, Upo gainean (575 m). Tontorretik jaisteko aukera bi balia ditzakezue: 1- Errazena (40'): suebakitik behera jotzea IE-rantz, eta lepoan M-rako pista hartuta, mendia inguratzea. 2- Aldapatsuena (25'): buzoitik bertatik, ertzeko bidezidorrari jarraitzea, M-rantz. Azken tartean ote gehiago dago. Aukerak aukera, biak aterpe alboko porlan bidean elkartuko dira, eta BI-3702 errepidera irtengo. Itxitako Atxeta harrobi albotik aurrera jota, Moiordinen amaituko dugu txango hau.

 

Uporen kontakizunak

Baserriz baserri grabazioak egiten ibili garenok ondotxo dakigu galtzear dauden zenbat kontu gorde duten aurreko belaunaldiek. Zorionez, batzuk argitaratu egin dira, eta horien artean dugu Juan Manuel Etxebarriaren Bizkaialdeko Ipuin-Esaundak izeneko liburua (1995). Gaurko ibilbideari dagokionez, hiru dira bertan irakur daitezkeen istorioak: Jentilkumak Upon, Anbotoko Señorea Upon eta Olarreko Señorea Upon. Hona hemen adibide labur bat: Olarreko Señorea erdi biluzik ibiltzen ei zen Upo aldetik bere ile gorria orrazten, eta, nola ez, artzain eta mandazainak erdi aztoraturik omen zebiltzan. Bertako andre batek kargu hartu ei zion gizonak probokatzeagatik, eta etxera itzultzean, esnea sutan zuela, gainezka egin eta maldizioa zelakoan, abadearengana joan omen zen. Berehala jo ei zuen ermita aldera Pedro izeneko abadeak, eta parajea bedeinkatu. Ordutik ez omen zen gehiagotan ikusi Señorea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola —argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia—, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.