Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Urteko lehendabizikoa

2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Aurreko astean Maialen Berasategik hementxe bertan emandako aholkuak serio hartu ditut barrezka, eta etxean dudan Liburu Irakurri Gabeen Dorre Ikaragarria dorre ez hain ikaragarri bihurtzea erabaki dut. Erabaki erraza zirudien, baina (beti bainak) zein Dorre Ikaragarrirekin hasi? Izan ere, Dorre Ikaragarri horiek ugaltzeko gaitasuna dute, nire etxean behintzat (haien artean zera zeratzen dutela uste dut), eta sukaldean izan ezik etxeko beste geletan dorre, dorretxo eta dorretzarrak hazten zaizkit perretxikoak kobazulo umeletan bezala. Nire sineskeriak ditut, gainera, eta sineskeriek bizitza eta asmo onak zailtzen dituzte beti. Nola uztartu, orduan, Maialen Berasategiren aholku zentzudunak eta pentsamendu magikora eramaten nauten joera lotsagarriak? Oso erraza: nire buruari tranpa eginez.

Orain dela urte batzuk sineskeria berezi samar bat garatu nuen, zeinaren arabera urte berrian irakurriko nukeen lehen liburuak urte osoaren ibilbidea (amodioa, osasuna, dirua) baldintzatuko baitzuen. Banekien zein libururekin hasiko nintzatekeen aurten, horretarako propio, gutxi gorabehera, erosi izan nuelako orain hilabete batzuk; banekien, era berean, Dorre Ikaragarri horietako batean zetzala. Beraz, dorreak arakatzeari ekin nion, hautsa kendu eta gero, eta topatu nuen 2018ko nire lehen liburua. Lotsa apur bat ematen dit aitortzeak ez dela euskarazko liburu bat (heretiko bat naiz, barkatu), ezta poesia liburu bat ere, eta idazlearen izena guztiz ezezaguna zitzaidala: Mario Satz, Pequeños paraísos. El espíritu de los jardines (Acantilado, 2017).

Gorago erabili dudan propio hitza ez dela batere egokia konturatzen naiz orain; egun hartan liburudendara sartuko nintzen beste liburu bat erosteko asmoz ziur aski, baina hiruzpalau libururekin atera beti bezala, horregatik beldur pixka bat diet liburudendei. Azalak eta izenburuak deitu zidaten: azala berdexka da, zuhaitz lausoak, hostoak (liburuak Hayami Gyoshu-ren irudia dela dio, XX. mende hasierako margolari japoniarra, eta koadroaren izenburua Hosto berriak dela); izenburuaz zer esan, lorategi eta parkeak maite ditut itsuki. Aurkibidea irakurri (Paradisua: sinbolo eta utopia, Lorategi pertsiarra, Lorategi hindua, Lorategi sufia, Lorategi txinatarra, Kabalako paradisua... ), Atxaga gogoratu eta liburua eskuetan itsatsirik gelditu zitzaidan. Egileaz liburu gehienek dakartena irakurri nuen gero: argentinarra (puntu bat alde), Coronel Pringles izena duen hirian jaiotzeko kemena izan zuen (beste puntu bat), Kabalan aditua (beste bat), Giovanni Pico della Mirandola humanistaren gaineko ikerketak (puntu bat); ederki, eruditoak atsegin ditut. Geroago irakurri nuen Wikipedian idazle emankorra dela. Gustatu zait liburua; ez nau liluratu, baina. Nolanahi ere badakit liburutxoak oihartzuna izango duela nire baitan, batek daki noiz. Parkeak, zuhaitz orain biluziak, belaze elurrez estaliak begi jakintsuagoz ikusten ditudala orain iruditzen zait. Epikuro, Paul Valery, Omar Khayam, Apuleio, Dante berrirakurtzeko gogoa piztu dit liburuak; beste liburu eta idazleei ateak zabaltzen dizkieten liburuak eskertzekoak dira beti.

Urtea hain goi-arnas hasi ondoren, mistizismoa garbitu beharra nuen eta Dorre Ikaragarrietara joan nintzen berriro: mistizismoarekin batera hautsa kendu (izugarria da liburuek hautsa erakartzeko duten ahalmena) eta bi liburu aukeratu nituen (Maialen Berasategik literatur polimaitasuna ez dela bekatu idatzi zuen). Lehendabizikoa, Patxi Larrionen Feriatzaileak (Susa, 2016), jende guztiak irakurria izango du dagoeneko, baina ez naiz ni berritasunak berehala jaten dituen horietakoa. Bigarrena, Vicente Luis Mora, ez literatur kritika saiakera oraingoan, eleberria baizik: Fred Cabeza de Vaca (Sextopiso, 2017). Bi horiekin nago orain aldi berean.

Pozik nago, beraz, dorreei hiru solairu kendu dizkiedalako. Baina laster sartuko naiz liburudenda batera Ana Malagonen azkena erostera, burua hotz sartu ere, Ana Malagonenarekin bakarrik ateratzeko. Badakit tentazioak handiak izango direla, dorreak gose-egarri dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.