Gabriel Aresti, ezagutu zutenen ahotik

Arestiri buruzko egun beteko jardunaldia antolatuko du Euskaltzaindiak urriaren 11n. Kontzertu akustikoen ziklo bat ere aurkeztu dute

Jardunaldien aurkezpen ekitaldia, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Tituluaren azpian idatzitako oharrari kasu egitera, odoloste frijitua eta tomate freskoa afaldu bitartean idatzi zuen Artxandari begira poema Gabriel Aresti idazleak, noiz eta, tomatea gordin jatea Espainiatik eta Galiziatik Bizkaiko lantokietara joandako jende umilaren ikur zenean. «Archanda ikusten dut leihotik/eta pensacen dut/ hilek ez dutela ajola./ Biziek bai, haundia./ Gure hilak dira eta/ haien biziak, baina/ ez dio ajola./Hilei Lurra eman baitdiete,/ eta biziei kendu./ Hogetalau urte honetan egon natzaio mendi/ horri begira, eta lehen baino carkiago gaude». 50 urte beteko ditu aurten poema hori zeraman Euskal Harria liburuak, eta, aitzakia horrekin, Arestiren figura gizarterako egun beteko jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiak urriaren 11n. Oskorri taldeak, Bernardo Atxagak, Arantxa Urretabizkaiak, Xabier Kintanak, Andoni Egañak eta Jon Kortazarrek hartuko dute parte, besteak beste.

«Gabriel Aresti pertsona ezagutzera ematea da asmoa», Erramun Osa Euskaltzaindiako idazkariordeak azaldu duenez. Gabriel Aresti kultur elkartearekin eta Bilboko Udalarekin batera antolatu dute egitaraua, eta helburu hori izan dute buruan. «Aresti ezagutu zuen jendea edo haren eragina jaso zuen jendea» hizlari jarriz heldu nahi dute Arestiren aurpegi hori ezagutaraztera, eta, hitzaldi akademikoez gainera, solasaldi formatuko saioak izango dira horregatik nagusi jardunaldietan.

Oskorriren saioa

Musikak ere izango du bere tartea. Iaz eman zuen bere ibilbidea amaitutzat Oskorri taldeak, baina, salbuespena eginda, oholtzara bueltatuko dira Euskaltzaindiaren jardunaldietarako. Euskal Harria liburuko poemekin osatutako sei abesti eskainiko dituzte jardunaldian.

Agustin Ibarrola pintoreari ere omenaldia egingo diote jardunaldian. Hark egin zituen Arestiren liburua ilustratzen zuten irudiak. Agintariek zentsuratu egin zituzten irudi haietariko batzuk, eta «garai zailetan» egindako lan hura eskertu nahi izan dio Euskaltzaindiak orain sortzaileari.

Arestiri buruzko jardunaldiez gainera, sei kontzertu akustikoko ziklo bat ere aurkeztu du Euskaltzaindiak. Bilboko Plaza Barriko akademiaren egoitzan egingo dira emanaldi guztiak, eta denak astelehenez. Astelehen buruzuriak izendatu dute horregatik ekimena, eta euskal kultura gizarteratzea izango da helburua. Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida izango dira urriaren 9an, La Basu eta Maisha 16an, Anari 23an, Inun 30ean, Gorka Urbizu azaroaren 6an, eta Niko Etxart azaroaren 13an. Kontzertuaren aurretik, elkarrizketa labur bat ere egingo diete musikariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.