Rosa Rodero. ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna

«Nik badakit biktima askok nire moduan pentsatzen dutela»

Atzo 25 urte bete ziren Joseba Goikoetxea ertzainburua hil zenetik, ETAk lau egun lehenago tirokatu ostean. Haren alargun Rosa Roderok uste du albo batera utzi behar dela «garaileen eta garaituen» diskurtsoa.
MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko azaroak 27
ETAk 1993ko azaroaren 22an tirokatu zuen Joseba Goikoetxea Ertzaintzaren sarjentu nagusia, Bilbon, autoan zihoala. Handik lau egunera hil egin zen. Atzo bete ziren 25 urte hura gertatu zela. Esangura berezia hartu zuen gertaera hark: lehenago ere izan ziren ETAk hildako ertzainak, Ertzaintzaren buru izendatutako Carlos Diaz Arkotxa Espainiako Armadako teniente koronela esaterako, edo lehergailuak indargabetzen saiatzen ari zirenean edo espero gabeko tiroketetan hildakoak, baina hura izan zen ertzain baten kontra berariaz egindako lehen atentatua.

Haren alargun Rosa Rodero aitzindaria izan zen indarkeria askotariko biktimen arteko zubiak eraikitzen eta gorrotoa bazter utzi nahi duen diskurtsoa garatzen. Esaterako, behin baino gehiagotan agertu da legea betetzearen alde presoen gerturatzeari dagokionez. Biktima askok berdin pentsatzen dutela esan dio BERRIAri.

Nor izan zen Joseba Goikoetxea?

Niretzat, gizon bikaina izan zen. Bizitza osoan Euskadiren alde borrokatu zen, lehenbizi EAJren kide bezala, eta geroago Ertzaintzaren sortzaileetako bat izanik, Berroziko [Araba] lehen talde hartan ibili baitzen. Herri hau gauza guztien gainetik maite zuen, kartzelan ere egon zen Francoren denboran, alderdi politiko bateko kide izateagatik, eta libre gelditu zen Franco hil osteko amnistiaren ondorioz. Horretaz aparte, senar aparta, aita bikaina, eta lagun paregabea ere izan zen.

Inoiz pentsatu zenuten ETAk haren kontra egin zezakeela?

Inoiz ez duzu horrelakorik pentsatu nahi, baina bai: ETAri atzemandako hainbat agiritan agertua zen, eta bagenekien haien jomugan egon zitekeela edozein momentutan. Baina gu saiatzen ginen bizitzen Damoklesen ezpata hura gabe. Josebak sinetsi nahi zuen ez zutela inoiz Ertzaintzaren kontra egingo: hainbeste urtez borrokatu ginen hura lortzeko, eta hain ilusio handiz sortu zen, ez baitzuen uste hori gerta zitekeenik.

Nola gogoratzen dituzu duela 25 urteko egun haiek?

Laino batean egotea bezala izan zen. Nik pentsatzen nuen bakarra zen nire senarrarekin egon nahi nuela, ez nuela harengandik banatu nahi, eta, batez ere, gogoratzen dut behin eta berriro errepikatzen niola: «Maite zaitut, maite zaitut, maite zaitut». Bizi garen moduan, badugu joera dena jakintzat emateko, baina horrelako zerbait gertatzen denean konturatzen gara zein gutxitan saiatzen garen gure sentimenduak adierazten. Nik nahi nuen nire maitasunaren adierazpena eraman zezan, maite nuela esan ez nion aldi guztiengatik.

Biktima batzuek adierazi dute urte hauetan guztietan bakarrik sentitu direla behin baino gehiagotan. Zu ere berdin sentitu zara?

Nik alde horretatik zorte handia izan dut, familia bikaina izan dudalako, eta nire senarraren lagunak ere oso ondo portatu direlako, baina egia da urte batzuetan biktima asko bakartuta eta are baztertuta ere sentitu direla. Nire senarrak lagun asko zituen, maila politikoan eta beste maila askotan ere bai. Esaterako, kartzelan Iñaki Anasagastirekin egon zen. Garai hartan, lana eta militantzia politikoa adiskidetasunarekin uztartzen ziren, lagunak ere baziren. Hain zuzen ere, horregatik hasi nintzen ni biktimekin lan egiten, banekielako beste batzuek ez zutela izan nik izandako zortea.

Azaroaren 20an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenean, «biktima izaera ere ukatzen dieten biktimak» izan zituen gogoan Ane Muguruzak. Zer deritzozu?

Askotan esan dut: nik uste dut denak garela biktimak, eta hau ezin dugula itxi soilki ETAren biktimak gogoratuta. Ni beti saiatu naiz mota guztietako biktimekin elkartzen, eta hori izan zen, hain zuzen ere, gure urratsik garrantzitsuenetako bat, ETAren biktimak, GALenak, presoak eta abar bildu eta hitz egin ahal izatea.

Gaur egun, normalago ikusten dira horrelakoak, baina, orduan, kontaktu horiek izateak ausardia handia eskatzen al zuen?

Gu 1995-96an hasi ginen horrelako harremanak izaten, eta ia-ia ezkutuan ibili behar izaten genuen, garai hartan ia pentsaezina zelako ETAren biktima bat eta GALen biktima bat elkartzea. Orain, normalizatuago dago dena. Nik, adibidez, lagun handitzat dut Asun Lasa [GALek bahitu eta hildako Josean Lasaren arreba], bilkura askotan egon naiz harekin eta izugarri gustatzen zait hari entzutea. Baina hori abian jarri genuenean, beldur ginen, geuk ere ez genekielako zer gertatuko zen hasitako bide horrekin. Hasi bezain pronto, ordea, dena primeran joan zen, eta segituan konturatu ginen gauza asko partekatzen genituela.

Zer pentsatu zenuen ETAk iragarri zuenean bukatutzat ematen zuela jarduera armatua?

Arnasa hartu nuen. Nik beti esan dut niri eta nire seme-alabei egokitu zaigula hori bizitzea, baina nahi nuela bilobak behintzat haien aitaitak amestutako herri baketsuan bizi ahal izatea. Eta hala izan da, nire bilobak iragarpen horren ostean jaio direlako.

Presoak Euskal Herrira ekartzearen alde agertu zara behin baino gehiagotan, eta Sarek antolatutako mobilizazioetan ere parte hartu duzu. Zergatik?

Nik askotan esan dut: ez naiz amnistia eskatzen ari, legea betetzeko baizik. Sakabanaketa 80ko hamarkadan hartutako neurria izan zen, presoen arteko harremana mozteko helburua zuena: nire ustez, okerra izan zen, eta ez zuen helburua lortu, baina, tira. Edozein modutan, gaur egun guztiz absurdoa da. Neurri hori ez dute presoek pairatzen, inolako errurik ez duten senitartekoek baizik. Joseba Carabanchelgo espetxean egon zenean, haren ama gaixorik zegoen, eta ezin izan zuen behin ere bisitatu. Presoekin hitz egin dugunean, askotan esan digute: «Guk patio bat eta ziega bat besterik ez dugu, eta denak berdin-berdinak dira; kaltea ez digute guri egiten, senideei baizik». Gainera, legeak dio sorterritik ahalik eta hurbilen egon behar dutela.

Sareko eledun Joseba Azkarragak inoiz esan du zure jarrera uste den baino hedatuago dagoela biktimen artean. Baina hedabideetan islatzen dena ez da hori.

Biktima asko daude. Denak ez gara berdinak. Euskal Herrian, izan dugun historiagatik, gauzak modu batera ikusten ditugu, baina kanpoan jende askok ez ditu gauza batzuk ulertzen eta dakiten bakarra da senide bat hil dietela. Nik hori errespetatzen dut guztiz. Dena dela, hedabide askok biktimen iritzia ahotan hartzen dute AVT elkarteaz ari direnean, edo Covitez, gauza bera dena, baina askoz elkarte gehiago daude, eta hedabideetan ez dituzte inoiz aipatzen. Ez nuke kopururik ematen jakingo, baina nik badakit biktima askok nire moduan pentsatzen dutela. Ez dugu gehiago sufritu nahi, osasuntsu egon nahi dugu, eta horretarako beharrezkoa da gorrotoa albo batera uztea. Garaileak eta garaituak aipatzen badira, hor beti egongo da min edo gorroto ale bat, eta berriro errepikatzeko arriskua.

Oraindik gelditzeko dira urratsak egiteko? Zeintzuk?

Lehen aipatu dugun presoen aferaz gain, uste dut beharrezkoa dela argitu gabe dauden auziak argitzea, senitartekoak horrekin lasaitasuna berreskuratuko luketelako. Eta, bestalde, jarraitu behar dugu gazteekin hitz egiten, jakin dezaten zer gertatu zen eta inoiz berriro gerta ez dadin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna