Euskoaren kontrako epaia ezeztatu dute, prefetak egingo duenaren zain

Paueko auzitegi administratiboak ez du debekatu Baionako Herriko Etxeak euskoa erabiltzea, argudiatu baitu ezin duela eragotzi hark sinatutako akordio bat
Atzo Baionako Herriko Etxera Frantziako hedabide ugari bildu ziren Etxegarairen adierazpenen bila.
Atzo Baionako Herriko Etxera Frantziako hedabide ugari bildu ziren Etxegarairen adierazpenen bila. BOBEDME

Eneko Etxegarai Urain. Joanes Etxebarria -

2018ko urtarrilak 13
Euskal Moneta eta Baionako Herriko Etxeak izenpetu hitzarmenaren kontrako helegitea bertan behera utzi du Paueko Auzitegi Administratiboak. Catherine Seguin Baionako suprefetak eta Gilbert Payet Paueko prefetak jarri zuten salaketa, euskoa ez baita agertzen Frantziako Gobernuak ordainketa moduak finkatzeko dituen arauetan. Uztailaren 19an Baionako Herriko Kontseiluak hartu erabakia baliogabetu nahi izan dute estatuaren ordezkariek. Haren bidez, kontseilua euskoak onartzera engaiatu zen, eta diru horrekin bere ordainketak egitera. Hain justu, hitzarmena izenpetua delako utzi du helegitea bertan behera epaileak. Hemendik goiti prefetaren jarrera ikusi beharko da, instituzioak euskoa erabiltzen ahalko duen ala ez jakiteko.

«Prozedura ezeztatua da, baina funtsean aipatu behar zena aipatu gabe», azaldu zion atzo Iparraldeko Hitza-ri Xebax Christy Euskal Moneta elkarteko kideak. Haren erranetan, «ezin dute» Euskal Moneta eta herriko etxearen arteko hitzarmenaren kontra egin «argumentu teknikoekin». Hala adierazi zion Sud Ouest egunkariari Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariak ere, 2014ko Hamon legea argudiatuz. «Diru osagarriak» onartzen ditu legeak, baina 2012ko bi dekretutan euskoa ez dela agertzen deritzo prefetak. «Politika teknikaren gibelean da ezkutatzen», zioen lehendakariak, eta jakobinismoa egotzi zioen Seguini.

«Ikusi beharko da prefetak zer egingo duen, erabakitzen ahal du prozedura berri baten egitea hitzarmenaren kontra, edo beste aterabide bat ematea», zioen Christyk. Haren erranetan, «hori segur aski gobernu mailan erabakiko da, ondorioak badituelako Frantzian diren tokiko moneta guzientzat». Hala nola, Baionaren gisan, instituzio batek diru lokal baten erabiltzea aurrekaria bada, are gehiago Paueko auzitegiak arrazoia emanez gero. Erran nahiko lukeelako herriko etxe batek edo eskualde batek moneta lokal bat erabili lezakeela bere ordainketak egiteko.

Oraingoz Baionako Herriko Etxeak euskoak onartuko dituela dio alkateak, «baina ordainketak egiteko ikusiko dugu prefetaren erantzuna zein den». Txosten tekniko-judizial bat utzi diote hitzarmenaren izenpetzaileek prefetari: «Parisko abokatu espezialista bat hartu dugu, orain ikusiko da prefetak zer erantzun mota ematen duen, baina ez nuen urte bat itxoingo euskoak onartzeko». Euskal Elkargoan Baionako Herriko Etxeak Euskal Monetarekin izenpetu hitzarmen bera aurkeztuko duela berretsi zuen atzo Etxegaraik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna