KRITIKA. Zinema

Bitxikeria japoniarra

Minoru Kawasakiren Kaijyu mono filmaren irudi bat. BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun

'Kaijyu mono'



Zuzendaria: Minoru Kawasaki. Herrialdea: Japonia.Iraupena: 93 minutu.

Kontrakoa badirudi ere, Minoru Kawasaki ez da hasiberri bat. Makina bat lan zuzenduak ditu dagoeneko: tartean, Executive Koala (2005), Santi Leonek Odolaren mintzoa blogean aipatzen duen filmetako bat. Takashi Miike edo Shinya Tsukamotoren zinema muturrekoa dela pentsatzen duenak ez ditu Noboru Iguchi eta Minoru Kawasaki gisako egileen lanak ezagutzen. Argi dago Kaijyu mono ez dela lan ona; ez dauka inolako interesik publikoaren gehiengoarentzat, hau da, eredu klasikoaren estiloa atsegin dutenentzat. Parodia eta umore baldarra ardatz dituen pastiche baten aurrean gaude, eta okerrena da ez duela batere graziarik eragiten. Areago, entretenigarria dela esatea gehitxo esatea litzateke.

Leonek merkea hitza darabil Executive Koala deskribatzeko, eta neuk narrasa dela gehituko nuke. Baina zinema mota honen zaleek une atsegina igaroko dute (zerbait esatearren). Begi bistakoa da zuzendariak berak izugarri gozatzen duela honelako istorioak zinemara eramaten; izan ere, baliabide gutxirekin bada ere, maite duen zinema egiten jarraitzen du, urteak joan urteak etorri. Lotsarik ere ez dio emango ikusleak Tokio hiriaren maketa begiztatzen duenean. Kawasakiren ausardia eta irmotasuna txalogarriak dira, egia esan. Bere horretan jarraitzen du, kritikak kritika bere bidea eginez. Harro sentituko da bere lanaz.

Kaijyu mono-k iturri desberdinetatik edaten du: zientzia fikzioa, Godzilla eta antzeko munstroen zinema, Ekialdeko borroka arteak, borroka librea... Kasu honetan, Kota Ibushi borrokalari profesionala da aktore nagusia, eta historiaurreko munstro erraldoi batekin lehiatuko da, krisi ekologikoaren eraginez lurpetik sortu dena. Laburbilduz, bitxikeria bat da Kawasakiren azken filma, pasio handiz eta libertimenduz egindakoa, baina erraz ahazten diren horietakoa. Kontsumo azkarreko produktua, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.