Koronabirusa

EH Bildu ez da itun batean sartuko «helburua 1978ko erregimena indartzea bada»

Pedro Sanchez bigarrenez batzartu da Mertxe Aizpuruarekin. Langile eta sektore ahulenen eskubideak zaintzeko eskatu dio EH Bilduk

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzoko bilera telematikoan. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
EH Bildurekin ere batzartu da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, koronabirusaren krisiari eta haren ondorioz datorrenari aurre egiteko mahai bat sortzeko bilera sailaren barruan. Zehazki, Mertxe Aizpurua EH Bilduren eledunarekin hitz egin du, modu telematikoan, eta Aizpuruak bi ideia nabarmendu dizkio: «Langile eta sektore ahulenen eskubideak zaindu eta hobetu» behar direla, eta EH Bildu ez dela halako paktu baten parte izango «helburua 1978ko erregimena indartzea bada». Estatuaren «berreraikuntza sozial eta ekonomikorako» itun bat egitea da Sanchezen xedea.

Martxoaren 16an ere mintzatu zen hura EH Bildurekin —orduan ere Aizpuruarekin—, estatuan alarma egoera ezarri ostean egindako lehen bilera sail telematikoan. Aurreneko aldia izan zen Espainiako gobernuburu batek Amaiur-EH Bildurekin hitz egin zuela. Atzo batzartu ziren bigarrenez; ordu erdi bat iraun zuen hizketaldiak. EH Bilduk, prentsa ohar baten bidez, eskerrak eman dizkio Sanchezi pandemiari aurre egiteko informazioa eta hausnarketak zabaltzen jarraitzeko erakutsitako «tonuagatik eta prestasunagatik», eta, halaber, azaldu dio «elkarlanerako borondatea eta euskal subiranotasunaren defentsa irmoa» aurkituko dituela. «Dena dela, EH Bilduk argi dauka gure herrian garatu behar delaelkarrizketa esparru nagusia».

Aurreko krisian ez bezala

Aizpuruak iragarri du krisia «luzea» izango dela, «ondorio ekonomiko eta sozial larriak» eragingo dituela, eta ohartarazi du EH Bilduk ez duela onartuko horiek «langile, pentsiodun, autonomo edo enpresari txikien bizkar gainean jartzea, 2008ko krisiarekin gertatu zen bezala». Hala, langileen eta gizarteko sektore «zaurgarrienen» aldeko «neurri eraginkorrak» hartzeko eskatu du.

Sanchez EAJrekin herenegun batzartu zen —Aitor Esteban Kongresuko eledunarekin, eta talde jeltzaleak azaldu zuen arlo ekonomikora mugatu nahi duela ituna.

Presidenteak etzi bukatuko du bilera saila, Pablo Casado PPren buruarekin bilduta. Atzo ERCk esan zuen gobernuak 2018ko zentsura mozioaren aldeko taldeekin egin beharko lukeela ituna, Espainiako eskuina baztertuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.