Albistea entzun

Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Eusteko edo mugitzeko astea

Kataluniako Parlamentuak 155. artikuluari nola aurre egin erabakiko du etzi, osoko bilkura monografiko batean. Senatura instituzioak defendatzera joan ala ez baloratzen ari da Puigdemont
Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordea bilduta, atzo. 155. artikuluaren balizko ezarpenaren aurrean zer egin erabakitzeko, etzi osoko bilkura monografiko batera deitzea adostu zuen.
Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordea bilduta, atzo. 155. artikuluaren balizko ezarpenaren aurrean zer egin erabakitzeko, etzi osoko bilkura monografiko batera deitzea adostu zuen. ANDRE DALMAU / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2017ko urriak 24

Espainiako Gobernuak Kataluniako Generalitateari egindako azken erasoari nola aurre egin erabakitzeko, Kataluniako Parlamentuan osoko bilkura bat egitea proposatu zuen Carles Puigdemont presidenteak joan den larunbatean. Junts Pel Sik eta CUPek sustatuta, osoko bilkura monografiko hori etzi izango da; Espainiako Senatuan konstituzioaren 155. artikulua indarrean sartzea adostu baino egun bat lehenago, alegia. «Eraso instituzionala aztertzea du helburu», zehaztu zuen, atzo, Lluis Corominas Junts Pel Siren bozeramaileak. Azken kolpearen ondoren Generalitatearen eskumenak Madrilen esku geratu ondoren, orain arte marraztutako bide orriari heltzea eta nazioarteko bitartekaritza baten esperoan eusten jarraitzea, edo independentziarantz edo Madrilerantz mugitzea deliberatu beharko dute, asteon, independentistek.

Ez dirudi, dena den, Kataluniako Gobernuak Madrili kontzesiorik egiteko asmorik duenik. Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramaileak berretsi zuen, herenegun, ez dagoela «mahai gainean» bozetara deitzeko aukera. Hala ere, eta intentziorik ez zuela zirudien arren, Kataluniako zenbait komunikabidek aurreratu dute senatuan 155.aren aplikazioa landuko duen batzordearen aurrean Kataluniako instituzioak defendatzera joan ala ez joan baloratzen ari dela Puigdemont. Informazio horien arabera, «Europan pentsatuz» mintzatuko litzateke presidentea goi ganberan. Kataluniako Gobernuak gaur erabakiko du zer egin.

Dena dela, aintzat hartuz azkenaldian behintzat bi egun iraun dutela Kataluniako Parlamentuko osoko bilkurek, ostiralean gerta liteke Bartzelonan independentzia aldarrikatzea, Madril 155.aren neurriak aplikatzen hasten den bitartean, hain zuzen. Eusteko edo mugitzeko astea da independentistentzat.

Junts Pel Sik eta CUPek atzo Kataluniako Parlamentuko bozeramaileen batzordeari aurkeztutako idatziak dioenez, «elkarrizketa eta bitartekaritza» dira auzia konpontzeko tresnak. Bi alderdien proposamenak hasiko du etziko osoko bilkura, eta, ondoren, Puigdemontek hartuko du hitza. Talde parlamentario guztiek erantzun ahal izango diote presidenteari, eta, gero, proposamenak aurkeztuko dituzte, bozkatuak izan daitezen.

Puigdemontek zalantzak dauzka senatuak 155.a tramitatzeko osatutako batzordeari mintzatu ala ez, baina senatuak ez dizkio gauzak erraztu nahi. Izan ere, batzordea etzi bilduko da, 17:00etan, hurrengo eguneko osoko bilkuran aurkeztuko duen testua onartzeko, eta Pedro Sanz (PP) senatuko mahaiko presidenteordearen esanetan, ostegunean bertan joan behar luke hara Kataluniako presidenteak, «eta ez beste noizbait». Pio Garcia Escudero senatuko presidentearen esanetan, ostiralean hitz egin ahal izango luke. Kataluniako presidenteak, bestela, idatziz helarazi ahal izango lituzke alegazioak, edo haren ordez beste pertsona bat bidali senatura.

PDECatek begi onez hartu du Puigdemonten balizko erabakia. «Joatea erabakitzen baldin badu, eroso egongo gara», adierazi zuen Marta Pascal alderdiaren koordinatzaile nagusiak. ERCk ere ez du eragozpenik jarri. «Presidentearen erabakia errespetatu beharra daukagu. ERCn beti esan izan dugu elkarrizketarako aukera guztiak aprobetxatu behar ditugula», esan zuen Sergi Sabria bozeramaileak.

Horren harira, Soraya Saenz de Santamariarentzat «onena» da gauzak «publikoki esatea». Atzo, Espainiako Gobernuko presidenteordeari galdetu zioten, irrati batean, ea zer gertatuko zen Puigdemontek senatuko batzordeari esango balio ez duela independentziarik aldarrikatu. «Asteon gertatu daitekeenaren arabera, senatuak dauka gaitasuna Puigdemontek eta Generalitateak egindakora egokitzeko», erantzun zuen.

Bien bitartean, Carmen Calvo PSOEko Berdintasun idazkariak oraindik ere pentsatzen du 155.a modu «oso mugatuan» aplikatuko litzatekeela, eta sozialisten bozemaile Oscar Sanzek «legalitatetik kanpo» jokatzea leporatu dio Kataluniako presidenteari. Ines Arrimadas Kataluniako Parlamentuko Ciudadanosen diputatuak, berriz, «argiune» bat edukitzea eskatu dio Puigdemonti.

Oraindik ez du independentzia aldarrikapenik egin. Izan ere, unea iristekotan, Espainiako Fiskaltza Nagusiak prest dauka haren kontrako kereila. «Matxinada» egitea egotziko lioke Kataluniako presidenteari, eta 30 urteko espetxe zigorra ezar diezaioke.

Zigorrak direla-eta, 155.a aplikatzeko Madrilek PSOErekin eta Ciudadanosen babesarekin hartutako neurrietako batek dio Madrilek diziplina zigorrak ezarri ahal izango dizkiela aginduak betetzen ez dituzten Generalitateko funtzionarioei. Baina Generalitatean ez diote kasurik egingo Madrilek erabakitakoari. Hori nabarmendu zuen, atzo, Jordi Romeva Kataluniako Gobernuko Atzerri kontseilariak. Nahiz eta Espainiako Gobernuak Generalitatearen eskumen guztiak bere esku hartu nahi dituen,«Kataluniako funtzionarioek ez dituzte Madrilen aginduak beteko». Adierazi zuen Romevak herriak urte luzez «demokratikoki» aukeratu duela nahi duen gobernua, nahi duen parlamentua. «Instituzio horiek babestu egin behar dira».

Ekintza ez biolentoekin

155. artikulua aplikatzeko asmoarekin Espainiako Ministroen Kontseiluak egindako akordioaren kontra ekintza juridiko «administratiboak, zibilak eta zigorrezkoak» aurkezteko eskatu dio Juns Pel Sik Kataluniako Parlamentuko Mahaiari, eta jo dezala, horretarako, Kataluniako, Espainiako eta Europako auzitegietara. «Ez dago gainditu ez duten legerik. Diktadura batean bezala jokatzen ari dira, legea epaile, fiskal eta polizien bidez inposatzeko», salatu zuen Corominas Junts Pel Sikoak.

CUPek ere eskaera bat egin du, baina kasu honetan Puigdemonti zuzendu zaizkio antikapitalistak, Madrilek erabakitakoaren «atzetik» ez joateko esanez, «diktadura frankistatik» Kataluniako herriari egin zaion «eraso handienaren» aurrean. CUPentzat aste hau «erabakigarria» izango da, eta ohar batean jakinarazi du «borroka ez biolentoko» ekintzak prestatzen ari dela.

Errepublikaren Aldeko Unibertsitateak plataformak greba orokorra deitu du etzirako, bai 155.aren ezarpenagatik protesta egiteko, eta baita ANC eta Omniume Culturaleko presidente Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart kartzelatik atera ditzaten eskatzeko ere.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Macron eta Putin prentsaren aurrean, joan den otsailaren 7an Moskun egindako bileraren ondoren. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidenteak elkarrizketa batean adierazi duenez, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen baldin badu, aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»
Karakalpakstango 22 ekintzaileren kontrako epaiketaren hasiera, joan den astelehenean, Uzbekistango Bukhara hirian. ©BERRIA

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Gorka Berasategi Otamendi

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin
Macron eta Putin, joan den otsailaren 7an, Moskun. ©EFE

Macronek eskatu du Errusiaren segurtasun bermeak aintzat hartzeko

Igor Susaeta

Frantziako presidentearen arabera, Putinek gerraren amaiera negoziatzea onartzen badu aintzat hartu behar da NATO «bere ateetaraino heltzeko duen beldurra»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.