Koronabirusa

Larunbatetik aitzina dendak irekiko dituzte Iparraldean

Jatetxeak ez dituzte urtarrilaren 20a aitzin zabalduko, baina ostatuentzako eperik ez dute eman. Madrilek aurreratu du etxeratzeko orduei eutsi nahi diela Eguberrietan

Konfinamendua. Baionako karrikak hutsik, eta dendak itxita konfinamendu garaian. BOB EDME.
Maria Ortega Zubiate - Oihana Teyseyre Koskarat - Paulo Ostolaza
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak konfinamenduaren arintzeari buruzko neurriak iragarriko zituela espero zen, eta hala egin zuen atzo: larunbatetik aitzina aldaketak izango dira Ipar Euskal Herrian. Dena den, abisua eman zuen presidenteak: «Zenbait gauza aldatuko dira, baina beste batzuk, ez». Konfinamenduaren arintzeari buruzko planaren berri eman, eta abenduaren 15erako deskonfinamendua abiatzea espero duela esan zuen.

Hiru dira atzo iragarritako aldaketa nagusiak: larunbatetik aitzina, egunean hiru orduz ateratzen ahalko da etxetik, 20 kilometroko tartean; dendak irekiko dituzte 21:00ak arte; eta eskolaz kanpoko jarduerak —kanpoan badira— berriz egiten ahalko dira. 30 pertsonako mezak ere baimendu ditu. Dena ez da malgutuko, ordea; jatetxeek hetsirik segituko dute, eta elkarretaratze jendetsuak debekatuak egongo dira.

Abenduaren 15a izango da hurrengo muga. Datuek hobetzen segituz gero, konfinamendua kendu, eta etxeratze agindua ezarriko luke Macronek, 21:00etatik 07:00etara. Egun horretan kultura lekuak irekitzeko asmoa erakutsi zuen. Jatetxeek, ordea, aurreikuspenak betetzen badira, urtarrilaren 20ra arte itxaron beharko dute. Ez zuen argitu ostatuak ere haiekin batera zabalduko dituzten ala ez.

Beraz, hori da presidenteak ezarritako hurrengo epemuga: urtarrilaren 20a. Printzipioz, urtarrilaren 20tik hamabost egunera hasiko dira ikasleak berriro ere unibertsitateetan, presentzialki.

PCR probei dagokienez, urtarrilaren hasierarako Macronek helburu bat jarri du: 24 orduko epea izan beharko da testa egiteko eskaeraren eta emaitzaren artean. Horrez gain, positibo eman duten pertsonak «zorrotzago bakartzeko» neurriak ezarri nahi ditu plantan Frantziako Gobernuak, auzapezekin partaidetzan.

«Neurri horien helburua hirugarren olatu bat saihestea da», esan zuen Macronek, eta gehitu zuen Eguberriko bakantzak ez direla «beti bezalakoak» izanen. Abenduaren 15ean emango ditu Gabonetako bestei begirako neurri bereziak.

Macronek nola, Eguberrietarako egindako plana aurreratu zuen atzo Espainiako Gobernuak. Etxeratze aginduak bere horretan jarraitzea proposatu du, abenduaren 24an eta 31n izan ezik: egun horietan etxera joateko gehienezko ordua 01:00etan jarriko dute. Jende elkarketen mugak ere bere horretan jarraituko du proposamen horretan. Gehinez sei pertsonako topaketak egin daitezke; ahal dela, leku ireki eta aireztatuetan beti. Sei kide baino gehiagoko familia topaketak onartu ditu, soilik elkarrekin bizi badira.

Lekualdaketak ahalik eta gehien murrizteko asmoa ere badu plan horrek, «beharrezkoak» ez direnak alde batera utziz. Dena den, lekualdaketak autonomia erkidegoen artean ere izan daitezkeela adierazi du, betiere prebentzio «neurri guztiak» hartuta, eta erkidego bakoitzeko neurriek hala baimentzen badute. Bestalde, hamalau egunera luzatuko du COVID-19a duen norbaitekin egoteagatik konfinatuta egon beharreko egun kopurua.

Errege Magoen desfileen gisako ekitaldiak ez antolatzea aholkatu du, eta, Gabonetako kultur ekitaldiak egingo badira ere, edukiera %50ean egin beharko dira guztiak. Era berean, gomendioa egin die ikasten ari diren lekuetatik oporrak pasatzera etxera joango diren ikasleei: aurreko egunetan dituzten harremanak «mugatzeko» eta prebentzio neurriak zorrozteko eskatu die. Plana gaur aztertuko dute Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan; han, autonomia erkidegoetako buruzagiei erakutsi eta onespena ematea dute asmoa. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, adierazi du eutsi egingo diela Eguberrietan izurria kontrolpean hartzeko asmoz ezarritako «oinarrizko» neurriei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.