Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Gerezia gezi

2015eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Akaberan, elurra ordezkatzera etorri ziren gereziondoen lore zuri-gorriztak. Sakura izeneko loraldi hori Hanami ospakizunaren bitartez ospatzen dute japoniarrek, epifania gisako bat gure existentzia ere halakoxea delako: urria, ederra, iragankorra. Alabaina, Joseba Sarrionandiak nabarmendu zigun gure literaturak koloreei ezikusia egin, eta testu zuri-beltzak eskaini izan dizkigula; asko jota, gurean, gerezi arbolak sepia kolorekoarekin agertu izan direla. Besterik da ahozko tradizioa, Patziku Perurenak Koloreak euskal usadioan entsegu gogoangarrian erakutsi zigun bezala. Eta badira bestelako salbuespenak ere, Jean Etxepare Landerretxeren Mendekoste gereziak kasu: «Oihan beltzean zernahi xori airatzen zen arboletarik heien urratsak hautemanik. Baziren xori gorriak, baziren xuriak, beltzak, perdeak eta kolore guzietakoak. Kantuz ari ziren, oro batean, munduko soinu ederrena baino pollikiago».

Guztiarekin, lore iragankorren ondotik ezin berdeago dauden gereziondoak dagoeneko pinportaz beterik ageri dira, zuhaitzen begiak nola: noiz helduko, noiz pintzelkada gorrimina jasoko, gure ahogozo noiz bilakatuko. Baina Galiziaraino joan beharra daukagu fruitu limurtzailea sentsualtasunez agertuko bazaigu, Manuel Rivasen hitzetan oraingoan: «Udako lehen gereziarekin egiten dut amets. Emakumeari eskaini diot eta berak ahora eraman du. Begi beroekin begiratzen dit, bekatu begiekin, eta bitartean bere egin du gereziaren haragia. Ustekabean, musu eman dit, eta musuarekin batera, gerezia. Eta ni txora-txora eginda joan naiz, egun oso-osoan gereziaren hezurrarekin hortzen teklatuan musika eginez. Gauean esan diot: 'Badut zuretzat zerbait, maite'. Eta haren ahoan lehen gereziaren hezurra utzi dut». Zeren, apika, kolore gabeziari gorputz falta erantsi behar baitzaio, gure literaturari koloreei ez ezik haragiari ere ezikusia egin baitiogu.

Gogoan dut euskal liburu baten aurkezpena: «Eta izan zen musurik…». Esaldi horri euskal erotismoaren gaina eta bikaina iritzi zioten; iradokizunez betea, antza. Baina euskal idazle batek ere honela nabarmentzen zuen kide baten obra: «Protagonista gizonezkoa, neskaren hitzorduaren ondotik gerta daitekeen ohealdia desio, aurretik dutxan masturbatzen da, isurketa goiztiar batek gaua zapuztu ez diezaien. Haren obran ez nuen halakorik ezagutzen…». Adin batetik goragokoak —agian—, oraindik ere oso barneratua dugu Descartesen «Cogito ergo sum» printzipioa, «Pentsatzen dut, beraz, banaiz», alegia; baina —agian— on egingo liguke Ekialdetik datorren zentzumenen tentazio koloretsuari kosk egitea: «Sentitzen dut, izerditzen naiz, ametsetan nabil, obsesionatzen nau…, beraz, banaiz». Mila gau eta bat gehiago, zentzu horretan, horren adibide argia dugu, eta sexu eszenarik bortitzenak, umoretsuenekin eta delikatuenekin batera topatuko ditugu sarri. Hala bada, errazago aurkituko dugu sexua itzulpenetan —Mohamed Xukri edo Abdela Taiaren lan autobiografikoetan, edota Alaa As Aswaniren Jakobian eraikina nobelan, esate batera— gure originaletan baino. Eta, zentzu horretan berriro ere, beharbada azken urteotan gure letretan sumatzen hasia den aldaketan Miren Agur Meaberen azken lanak nabarmendu daitezke, edo Danele Sarriugarteren Erraiak nobela gordina. Beharbada aldaketa eta bide berrien iragarle. Baina batez ere, Jakoba Errekondok Argia aldizkarian idatzi berri duen gisara, idazleak ongitxo dakielako ezkutuenari ezikusia ez egiten: «Zuhaitzak zainak ditu lurrean eta zainak zeruan. Sustraiak lurrean eta sustraiak zeruan. Adarrak lurrean eta adarrak zeruan. Besangak lurrean eta besangak zeruan. Zein da handiagoa, lurpeko zuhaitza edo zerukoa? Zuhaitz helduetan, gehienean, handiena lurreko zatia dela dema egingo nuke». Jean Etxeparek ere erreparatu zion zuhaitzaren alde ezkutuari, edo adar arteko arriskuei: «Han-hemenka iguzkiaren erreiñu horiak oihanaren barnean sartzen ziren orratz batzu bezala. Suge luzeak baziren arboletan bihurdikatuak aihen batzu bezala. Xixtu mehar bat egiten zuten haurrak ikustearekin. Eztena agertzen eta luzatzen. Bainan haurrak ez zituzten hunkitzen ahal».

Haurrak dira ipuineko protagonistak, eta Itsasu, Etxauri edo Milagron, ahozko tradizioan, neska-mutikoek bazekiten nola erabili gereziak sedukzio joko xaloan lagun gogokoa nabarmentzeko: gerezi edo anpolaiaren haragia bere egin, eta hezurra kantu honekin batera zuzenduko zioten: «Hexur, hezur! Mami, mami! Zeineri? Ederrenari? Zein da ederrena? Graxi Perurena!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.