Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Berria berri

2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
1. Idatz nezake kazeta honetan Katixa Dolhare-Zaldunbidek eskaini zigun Argitzaileak izeneko azken zutabeaz, apaingarri huts ez den poesiaren aldarriaz, «kontzientziaz, edertasuna eta intsumisioa dakarren indarraz».

2. Idatz nezake Txema Arinas zutabekidearen Nobela ote? lanaz ere, eta, funtsean, editore jendearen irizpideez eta arduraz luza ninteke, haien esku baitago liburu bat saiakera, poesia edo narratiba bildumetan sailkatzea, edota adingabekoentzako lanei adin bat ematea... Hainbat idazleren —eta, halarik ere, adiskide— kezka ere plazara nezake, hau da, argitaletxeetako bilduma berean nola nahastu daitezkeen kalitatezko lan baliosak eta irakurgai ezdeusak, ustez, literaturaren kalterako.

3.. Berriki, Juan Luis Zabalak hemen berean elkarrizketatu zuen Xuan Bello idazle asturiarra ere ekar nezake hizpidera, 50 urterekin asturiar adjektiboaren zama behingoz bazter utzirik, literatura hutsaz mintzatu nahi lukeena: «Mugimendu asturianistan militatu nuen 15 urte nituenetik 45 urtera arte, eta uste dut soldaduska egina dudala». Bide batez, irakurle gisara, haren Historia universal de Paniceiros gomenda nezake, liburu hibridoa, ni neu editore izatera, kokatzen jakin ez —saiakera, poesia, ipuina…—, eta hala ere, egundoko plazer estetiko eta intelektuala eskaini izan didana. Beharbada, zeharka, halatsu erantzungo nioke Txema Arinasen galderari.

4. Iñigo Astizek joan den igandean bertan plazaratu zuen elkarrizketa ere ekar nezake gogora, Sormenaren doinu eta marrantak; Arantxa Iturbe, Fermin Etxegoien eta Maia Muruaga kultur kazetariei egina eta, inondik ere, zer pentsa ematen duena. Iparralde-Hegoalde harremanaz, esate batera, Etxegoieni auzi delikatua zaio atera ditzakegun konklusio estrategikoak askorentzat desatseginak izan daitezkeelako; Iturberen ustetan, hegoaldekoontzat Madril hurbilago dago Hendaia baino: nor sentituko bagara, handik jaso behar izaten baitugu sorlanen bedeinkapena eta onarpena (ezin ukatuko dut, aspalditxoan, kazetari honexek Euskadi Irratian 07:58an egin ohi zuen kultur zutabetxoaren hutsunea nozitzen dudala); Muruagak, azkenik, elkarren ezagutza falta zoritxarrekoa nabarmentzen du. Oraindik ere. Nire balizko idazkiaren ertz horretan, Katixak bere zutabean aipatzen zuen Senpereko Hatsa elkartearen espiritua oroitarazten ahal dut, Euskal Herri osoko poetak urtero elkartu eta papereratzeagatik. Baina, tamalez, salbuespenegia dela gaineratu beharko nuke.

5.. Edo idatz nezake, iragan igandean ere, Juan Luis Zabalak Nor da kulturaren beldur? izeneko hausnarketarekin eragin zidan ezinegonaz: «Eraldatzaile izan beharrean, kontsolagarri huts eta egoera injustuen iraunarazle sendo izatetik gero eta gertuago ez ote dago kultura?». Eransten ahal dut antzeko zerbait iradoki zidatela Katixaren kontzientzia eta intsumisioa hitzek, eta baita, beste bide batetik, Arantxa Iturberen gogoeta honek ere: «Artistez inguratutako herria gara. Dimentsio handirik gabeko artistak dira kopurutan, hizkuntzari lotutako diziplinen kasuan batez ere, eta etxekoak balira bezala hartzen ditugu horregatik, baina uste dut oso artista handiak dauzkagula, eta falta dela beste aldearen erantzuna. Inpresioa dut emateko jende asko prest dagoela, eta hartzeko ez dut ikusten goserik». Zentzu horretan, oroit nezake Jose Saramago Nobel saridun konprometituaren hitzaldi jendetsu bat Bilboko Bidebarrietan (O tempora, o mores!), gorbatadunek eta esku krakadunek aldi berean txalotua; edota, berrikiago, Pepe Mujikaren eskua tinkatu, eta, batik bat, argazkian atera nahi izan dutenen zerrenda —gutxienez— paradoxikoa. Noizbait Ur Apalategiri irakurria diodalakoan nago, gure herri burgestu —kasik normalizatu— honek dagoeneko ez duela idazleen berme edo babes sinbolikorik behar. Eta hau guztiagatik, eta guztiarekin, Sokratesen hitzak berritu nitzake: «Atenas zaldi akitu baten antzekoa da eta, hona ni, hura esnatu, eta biziarazi nahi lukeen mandeuli baten pare». Antton Luku ere oroitarazi beharko nuke, edo Juan Goytisolok Cervantes sariaren ekitaldian eginiko hitzaldi mamitsua —txalo ugari bai, baina oso suharrak ez…—; baina dagoeneko espaziorik ez, jadanik ezer idazterik ez, eta gutxienez hona hemen orain arteko irakurketa zerrendaño hau, menturaz, gure gosea piztearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.