andoni egana
HITZ ETZANAK

Distantzia

2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Edozertarako behar da bizitzan entrenamendua. Jardunda ikasten da. Baita kontzeptu zailak definitzen ere. Zer da, esaterako, edertasuna? Ertz asko dituen hitza da. Definigaitza. Julio Ramón Ribeyro idazle perutarra zehaztasunera asko hurbildu zen Prosas apátridas liburuan. Berak dio kilometro bateko distantziara guztiok berdinak garela edertasunari dagokionez: puntu ñimiño bat urruti-urrutian. Milimetro bateko distantziara ere guztiok gara berdinak: azal zati zartatu bat. Zein da, orduan, ederragoak ala itsusiagoak bihurtzen gaituen distantzia? Idazleak borobil ematen du epaia: elkarrizketarena.

Krema, lurrin, begi-poltsa, ezpainetako gorrimin... gizonezko zein andrazko oso gaude entrenatuak azalerari dagokionez. Ongi. Distantzian huts egiten ari garen susmoa dut, ordea. Sakelakoek urrutikoa hurbileko eta hurbilekoa urrutiko bihurtu zigutenetik, blagarako, berriketarako, elkarrizketarako ohitura galdu dugu eta entrenamendu faltan mihia kamustu eta ideiak herdoildu egingo zaizkigu... Eta, okerrago dena, edertasuna identifikatzen ahaztuko zaigu.

Onar dezadan, halere, adin batetik aurrera, pantailakoa irakurri ahal izateko besoak asko luzatu behar direla eta horrek elkarrizketaren distantziara garamatzala berriz ere...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.