andoni egana
HITZ ETZANAK

Partida

2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Atsedenaldia. Etxeko taldekoek nekatuta amaitu dute lehen zatia. Burumakur, marmarrean ari dira. Aurkariak modu txarrean aritu direla, indarra ez ezik indarkeria ere erabili dutela, epailea kontra daukatela eta espero izatekoa zela... Isilik geratu dira une batez, eta ondoko aldagelan ahots oilartuak, euforiaren muga-mugan daudenak, entzun dituzte. Talde kaskarra dela etxekoa; gaindituak daudela erabat; ez dakitela talde lana zer den eta arrakalak baino ez zaizkiela sumatzen jokatzeko eran; jokalaririk onentsuenak falta zaizkiela lotsagabe horiei kanporatuak (edo barruratuak) izan direlako; larrutik ordainduko dutela euren aurka jokatzera ausartu izana; etxekoen aldeko publikoak ere estadiotik hanka egingo duela etsia hartuta... Jan egingo dituztela bigarren zatian.

Gisa horretako egoera bat irudika dezake azken egunotan espainiar hedabideak baino segi ez dituenak. Gertaerak bakandu ahala, gero eta hauspo handiagoa ematen diete Kataluniaren inguruko berri txikiei. Hagineko mina pasatu berri duenaren zorion inozoz ari dira, mundua atzera orekan, berriz dena berezko tokian.

Etxeko taldeak badaki, ordea, atsedenaldia baliatzen. Ez dira hain talde txarra. Aspaldidanik ari dira prestatzen partida luze baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.