andoni egana
HITZ ETZANAK

Haizea

2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Datorrena datorrela. Esan egiten da, baina ez dirudi inork gustuko duenik zer datorren jakin gabe bizitze hori. Non gauden edo nora goazen, sakelakoaren pantailan begiratuko dugu zein ordutan zein eguraldi egingo duen, eta horren araberako erabakiak hartuko ditugu. Igande gauez bederatziak alderako etxeratu ginen haize bolada handiak zetozela eta. Hor nonbait ibiltzen dira gainera iragarpenetan eta ohitu egin gara jaramon egitera. X-treme jarduerak asmatu behar izan ditugu bizimoduari emozio pittin bat ostu ahal izateko.

Informatiboak gerra berriekin hasten dira orain eta eguraldi iragarpenarekin amaitu. Badu logika bat, antipatikoa eta sinpatikoa nahasian emateaz gaindikoa. Orain ehun urte ere elkarren sokakoak ziren. Eguraldi iragarpenak zehatz egin nahian ez ziren hasi herritarren ongizateari begira. Hasi ziren Lehen Mundu Gerra Europa iparraldeko zelai lokaztuetan burutu zelako. Eta garrantzitsua zelako noiz lubakietatik irten eta erasora jo erabakitzeko orduan zetorren eguraldiaren berri ahalik eta zehatzen izatea.

Lehor esanda, egunsenti edo ilunabar gorrizta guztiak ez dira beti orain azaltzen zaizkigun bezain eder eta erromantikoak izan. Eta egun ere ez dira hala munduko zelai askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.