andoni egana
HITZ ETZANAK

Azeri

2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Izuelako artzaina da ezagutzen dugun bertsolari zaharrenetakoa, Fernando Amezketarraren garaikoa. Pastor Izuela deitzen zioten, ordurako erdarak bazuen nonbait indarra eta. Ez da bere bertso asko gorde, baina banaka batzuk oso ezagunak dira. Badu sail bat, ahoz aho iritsi zaiguna, eta horrelakoetan ohi denez aldagai ugari dituena. «Txakur txiki gorritxo bat faltatu zait neri, ezkutatu zen eta ez da inon ageri...». (Bidenabar esanda, Lazkao-Txiki bere onetik aterarazten zuen hitza zen desagertu. «Guk beti ezkutatu esan izan diagu!» botatzen zuen, piper-piper eginda).

Bertso sorta horretan Pastor Izuelak kontatzen du errotari batek inguruko baserri bateko txakur txiki ilaje gorriko bat hil zuela eta hura bizkarrean hartuta ibili zela etxez etxe, azeria zela esan eta gaztaina, arrautza, txanpon eta kuarto biltzen, azeria hiltzen zuenak mesede handia egiten baitzien inguruko baserrietakoei ere.

Aldagai asko dira hitz eta esamoldeetan, baina bada bat bertsio guztietan berdin datorrena, eta zein baserritara joan zen mugatzen duena: «auzo-legian edozein ailegatzen gera». Auzo-legea. Elkar-lan orori auzolan deitzen diogun garaiotan beste helduleku bat izatea ez zaigu gaizki etorriko. Alea xehatzen dakien hizkuntza behar genuke...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.