andoni egana
HITZ ETZANAK

Bizirik

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Berandu heldu zen eguerdiko otordua egitera askotan joaten zen jatetxera. Hirurak ondo jota, sukaldeko martxa bukatutzat jotzen duten garaia pasatuta. Zerbait aterako ote zioten, ez zuela ezer asko behar eta. Ez zeukatela ezer askorik, baina bera zelako zer edo zer aterako ziotela. Eta atera dizkiote platera batean, oilasko izter bat, bi lepo, hiru hego... ordura artekoek utziak sobra ere. Kexatzeko ere ez zegoela jakitun, ohi zuen bezala, oso fin sartu zuen sastatekoa: «Je! Oilasko hau... bizirik zegoela ikusiko nukeen nik gustora!».

Gehiagorekin ere gertatu izan zait, baina bere kasua oso dut gogoan. Ez nuen merezi bezala agurtu. Azkenengo aldia noiz den ez da askotan jakiten... Parking handi bat zen. Toki hotz eta arrotza despedidarako. Iluntzea aurrera zihoan eta bakoitzak bere autorantz jo zuen egunaren nekeak etxean goxatzeko asmoz. Baina damu dut berriketaldi luzeagoa ez izana. Maitasuna, miresmena, ezagutu izanaren harrotasuna... aitortzea zor nion. Lanbidean hasi berri ginenean sekula ukatu ez zigun babesa eta animoa eskertzea. Ukitu bat masailean. Maitte-maitte bat. Irribarre bat bihurria.

Gaur hogeita bost urte Lazkao Txiki hil zela. Joxe Mielek oilaskoaz botatakoa etorri zait gogora: «Gustora ikusiko genukeen bizirik!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.