andoni egana
HITZ ETZANAK

Iragana

2018ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Maxim Huerta Espainiako ministroak hartu eta astebetera utzi behar izan du kargua, duela hamarraldi bat ogasunari iruzur egin nahian harrapatu zutela orain jakin delako. Ez da garairik onena, nonbait, horrelako zerbaitetan atzeman zaitzaten... Gustura jakingo nuke nork atera duen argitara iruzurra. Bazegoen norbait zain-zain une egokia noiz helduko. Eta kasua kasu, hondora jota, gardentasun derrigorrezkoaren eta datuen babes premiazkoaren artean kontraesan nabarmena dagoela esango nuke. Guztiok baitugu zerbait ez noski arlo publikoan iruzurra egitea bezain larririk orkatilara txarrantxa mutur bat baino egoskorrago katigatzen zaiguna. Eskuarekin ez diozu heldu nahi eta hanka mugitzea ez da aski aska dadin. Iragana deitzen zaio... Iragana ume bat da, ez gaiztoa baina bai bihurria. Uste ez duzun tokitik irtengo zaizu, eta, horrexegatik, inork baino hobeto salatuko du zure egiazko izatea. Ama eta umea izeba adintsu eta diruduna bisitatzera doaz. Amak eskaera umeari: « Ez okurritu ere egin izeba Kontxitari oso gizen dagoela esaterik!». Joan dira. Eta umeak lehenengo botako duena da «amak esan dit zuri ez esateko oso potola zaudela». Horixe da iragana. Zenbat eta gehiago zuzentzen ahalegindu orduan eta gehiago bihurrituko zaizun zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.