andoni egana
HITZ ETZANAK

Minaz

2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ezjakin erabatekoa naiz arlo horretan, baina irakurri izan dut minarekiko tolerantzia dela oso neurgaitza. Duela gutxira arte, guztiz zientifikoa ez dirudien froga bat egiten omen zen. Eskuak izotzetan sartu, eta zenbat irauten zenuen, hainbesteko tolerantzia zenion minari. Batzuk badira gaur hemen eta bihar han beti minak daudenak; beste batzuek ez dute inoiz eta inon minik aitortuko; batzuentzat mina dena besteentzat ez da hain min nonbait. Irristakorra da minaren arloa...

Bilbon joan zen astean hiru gaztek etxegabe bat egurtu zuten, kolpatu eta uretan burua sartu behin eta berriz, hipotermia eragin arte. Almerian, ume bat hilik azaldu da bi astean ehunka herritar bere bila ibili ondoren. Bi gertaerek sortu digute harridura, nazka, higuina eta zer pentsatua. Mina. Baina min horrek kasu batean isiltasunaren bidea hartu du eta bestean aiene eta negar-zotinena. Erakusketan dago aldea. Bataren berria irudi gutxiz hornitua eta egun batez heldu zitzaigun. Bestearena bi astez eduki dugu begi bistan sekulako irudi mordoaz. Etxeko egin digute haurra. Etxegabea ez.

Besteren mina da zalantzan jarri behar ez den zerbait. Mina azaltzeko modua ere ez da dudan jartzekoa. Min teledirigitua ere min da azken batean. Eta azaltzeko modua, kutsakorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.