HITZ ETZANAK

Gazte asko

Andoni Egaña -

2018ko apirilak 17
«Gazte asko zen...» gero eta gehiagotan entzuten dudan zerbait dela esango nuke. Horrek adierazten du, batetik, neuk badudala adin bat eta solaskideak ere nagusiak direla, gazteak ez baitio gazteari edo helduari «gazte asko zen» esaten. Bestetik, adierazten du zenbait helduk gazteen partaidetza handiagoa espero dutela batean eta bestean, eta poztu egiten direla adin horretakoei suposatzen zaien suhartasuna erakusten dutenean.

«Ikaragarrizko gazte pila zen...», entzun nion askori larunbateko Iruñekoaren biharamunean. Ulertzekoa. «Hunkigarria izan huen» ere esan zidan norbaitek. Eta ez nintzen harritu, hunkigarria Altsasuko gazteen gurasoek azaldu duten irmotasuna eta zintzotasuna izan baita, eta horrek neurriko erantzuna merezi baitzuen. Aho bizarrik gabe mintzatu dira, babeskeria itsutik urrun eta justiziari inork azaldu behar ez lizkiokeen oinarrizko kontzeptuak beraiek egoki azalduz.

Gogorra da gero herritar xeheek nori eta Justiziari proportzionaltasunaren kontzeptua zer den azaldu beharra! Egin zezaketen guztia ondo eginda eta gizartearen babes handiarekin abiatu dira Madrilerantz. Ea laster amaitzen den amesgaiztoa. Aspaldi eginak aspaldi kitatua behar zuen. Gazte sartu zituzten eta gazte irten daitezela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna