andoni egana
HITZ ETZANAK

Zerbitzura

2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Xabier Leteri ikasi nion umetan, eta niretzat esanahi makurra zuen hitzak. Ikusteraino gorpuzten nuen giza aberea, bizkarrezurra oker, zerbitzuko lanean... zerbait kargatzen, zerbait garraiatzen, zerbaiti nekez tiraka. Entzuten nuen gainera halakok halakorenean «zerbitu» zuela ezkondu aurretik edo halakok halako tokitan «zerbitu» zuela soldadutzan eta ditxosozko hitzak ez zidan maitasun handirik sortzen.

Gaztetan hasi nintzen bertsolaririk zaharrenei entzuten halako urtetan hainbeste herri «zerbitu» zituztela. Nik ez nuen inor zerbitzen aritzen nintzen usterik, eta haiek edo ni oker genbiltzala pentsatzen nuen. Hitza bera zen, ordea, malgua. Udal bateko Euskara Zerbitzuan hasi nintzen lanean garaitsu hartan. Eta bitxia egiten zitzaidan herritarrek ordaindu, guk kobratu eta, halere, eskaintzen genuenari «zerbitzu» deitzea. Hitza, malgua ez ezik, tranposo samarra ere bazen.

Herenegungo BERRIAn Irune Lasaren erreportaje bat zetorren azaltzen zuena nola ari den zabaltzen enpresa batzuek bere jardueraren zati bat beste enpresa baten esku uzteko joera. Langile merkeagoak; kostu txikiagoak; prekarizazioa... izan dira joera horren ondorio nabarmenenak. Hori bai: den-dena «zerbitzu» hitzaren itzalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.