andoni egana
HITZ ETZANAK

Esposatu

2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Gazteleraz entzun nuen berria, eta biharamunean euskaraz nola entzun edo irakurriko geratu nintzen. «Responsabilidad» delako hori portzelanazko pitxer hautsia baino konponzailagoa baita itzultzeko garaian. Pisuzko jarduera baten aurrean gaztetan belarriok zein aholku entzuten zuten gogora ekartzeko ariketa egin dut, eta azken hamarraldietan genero ikuspegitik zenbat aurreratu dugun ohartu naiz bidenabar. Guri, ohikoa baino garrantzitsuagoa zen zerbaiti ekitean, «gizon portatu!» esaten ziguten. Eta asmo ona zalantzan ipini gabe, ez dakit ba...

Erantzukizuna, hitza bera, gerora ikasi genuen, eta hitz lainotzat daukat, ez baitakizu daramazun, zor duzun, edo eskatuko dizuten zerbait den. Erroetara jo dut bila. Hitzemanari egoki erantzuteko trebezia omen «responsabilidad» hori. Eta hasierako aditzak adar ugari eman ditu. Erro beretik datoz, esaterako, gaztelerazko «esposo» eta «esposa», senar-emazteek hitzartu egiten baitzuten aldez aurretik gero bete beharrekoa. Euskaraz ere esaten da «esposatu», eta esku-burdinei «esposas» deitzen zaie gazteleraz, lotura dutelako ezaugarri nagusi. Gizon portatu zen «esposos» jarri ez ziena.

Adarrarte honetako ibilerak jeltzaleen jokabidea hobeto ulertzen lagundu badizue, gustura ni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.