andoni egana
HITZ ETZANAK

Kristaua

2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ez zeukan zertan baserritar izanik, baina egin beharreko bidea aski luzea zela sinistarazteko hala izatea komeni zen. Ume ginela txiste bat entzun izan genuen behin baino gehiagotan: «Bazen baserritar bat enkargu bat egitera auzoko baserrira joan beharra zuena. Sukaldeko leihotik begiratu eta euria goian-behean. Handik pixka batera begiratu berriz, eta lehen baino euri gehiago eta trumoia eta tximista. Atariraino ere irten omen zen, baina eguraldia zakurtzen. Eta orduan bota omen zion andreari: «Eguraldi honekin kanpora irtengo den kristaurik ez da eta... zuk joan beharko duzu!».

Txistea mingarri gerta zitekeen garaiak izan ziren. Emakumea kristauen sailkapenetik at uztea gogorra zen, handik kanpora ez baitzegoen deus, ez bazen animaliak eta landareak edo infernuko sua eta garra. Munilla obispoak berak ere gaitzetsi egingo luke segur aski. (Kintoak garela jakin dudanetik kinto-bazkarietara joaten hasteko gogoa sortu zait, bazkalondoko festa gogoan).

Egun, txistea izan daiteke baldarra, baina askorentzat ez da mingarri ere. Natural-natural imajina dezakegu emaztearen erantzuna: «Konforme. Edozein gisatako kontzientzia objekzioak onartzen ditut. Gera zaitez zu lapikokoa zaintzen eta joango naiz ni, ez naiz kristaua eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.