HITZ ETZANAK

Zotz!

Andoni Egaña -

2018ko apirilak 12
Komunikazioan, naturaltasuna oso ongi landu beharreko beste artifizio bat baino ez da. Egia da behartua den oro nekez sartuko zaigula begi-belarrietatik eta xelebre ere gertatzen zaigula barruko umea erabat lotua eta mututua daukan helduaren seriotasuna. Barregarri geratzeko beldurrez ari dena azkenerako barregarri gertatzen da. Baina naturaltasunaren izenean ez daiteke edozer egin, batik bat naturaltasun hori gaizki ulertua bada.

Gure telebista publikoko kate erdalduneko programarik ikusienean parte hartzaileak muturreko egoeretan jartzen dituzte eta ulertzekoa da «errukijauna»-ka ez aritzea. Baina zenbaiten hiztegian biraoak dira zortzitik zazpi eta zazpitik sei maldizio errepikatuak, gure telebistan harritzekoa ez dena, bidenabar esanda. Honaino irakurrita norbaitek pentsa dezake nire etika edo pentsaera mintzen duela horrek. Ezta gutxiagorik ere! Nire adimena da mintzen duena. Haserrearen ordez ezina azaltzen da horrela. Biraoak, txorixoak bezala, zerbaiten tartean grazia handiagoa du. Eta gainera, beti txorixo klase berak edonor gogaitzen du.

Euskaraz biraorik ez den aitzakia alferrik da kasu honetan, gazteleraz aritzen dira eta. Beste kuku batek joko liguke naturaltasuna landu beharreko zerbait dela bageneki.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna