andoni egana
HITZ ETZANAK

Ontziak

2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ontzi hitzak irtenbide asko eskaintzen digu. Ontziok ez dute, ordea, usain onegirik askotan. Mainontzia ezagutzen dugu. Pixontzia, zakarrontzia, paperontzia, hautsontzia... ere bai. Eta hizkuntza behar ahala asmatuz doan zerbait denez, norbaiti zorneontzi, lerdeontzi, makarrontzi, mukiontzi edo antzeko zerbait deitzen badiogu, irainak efektu bikoitza izango du, zorrotzari orijinala erantsiko baitiogu. Ontzi-k, begiratu batera, iraintzeko balio du batik bat. Ez da gutxi. Zakilixutek ongi bai ongi daki hori.

Zenbaitetan, ordea, inspirazioak kasualitatea duela oinarri konturatuko gara. Pozik irakurri dut berria. Urretxuko Sarralde fabrika zaharrean Zumarraga eta Urretxuko Udalek 19 musika taldek entsegutarako erabiliko duten lokala prestatu dute. Edukian bertan ez da nobedaderik, lehen ere mila tokitan egin baita horrelako saiakerarik. Azala da berri. Fabrika zaharra erabat hondoa jota zegoen nonbait eta zer egin zitekeen asmatzeko bilduz sortu zen ideia: itsas garraiorako edukiontziek erabilera ugari dituzte eta birekin bat eginda eta hotsgabeturik, entsegu lokalak atondu dituzte. Zortzi edukiontzi, entseguetarako lau gune.

Ideiak berak hainbat txunditu nau izenak. Edukiontziak. Hala behar lukete kulturgune guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.