andoni egana
HITZ ETZANAK

Platera

2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Umoretik ere bizi garenok buelta dexente ematen diogu gaiari. Noraino den xaxatze eta non bihurtzen mingarri; noiz haizearen aldeko eta noiz kontrako; genero ikuspegia noiz zanpatzen dugun; nor den ahul, nor indartsu... Umorea da askotan helduleku bakarra. Badakigu ez duela mundua aldatzeko balio baina aldatu ezinaren zauriarentzat ukendu ezin hobea da. Baita edozein autoritate klaseri adarra jotzeko ere. Zerbitzariak atera dio nagusi jaunari zopa eta zutik geratu da atzealdean onespenaren eske. Probatu du nagusiak eta gatza falta zaiola iritzita biraoka ekin dio, ez dagoela zopa hura jaterik, ea sukaldean ez dakiten zopa ziztrin bat behar bezala prestatzen. Erabat bere onetik kanpo, hartu du platera eta harrika bota du jangelako leihotik kanpora. Zerbitzariak patxada galdu gabe erantzungo dio: «Ulertu dut berorrek jardinean bazkaldu nahi duela...». Boterearen gehiegikeriak bistan uzteko arma hoberik ez da. Zenbaitetan, ordea, ez daiteke umorerako zirrikiturik ere aurkitu, autoritatea hain da autoritate eta hain da zapaltzaile! Altsasuko gazteen kasua, esaterako. Zerbitzariari gogoa sortzen zaio hartu platera, tira harrika, eta leiho itxiaren kontra apurtzekoa. Halere, lanean segituko du irtenbide hobeak badirela sinetsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.