andoni egana
HITZ ETZANAK

Berri bi

2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Bi berri egunkari berean, elkarrengandik aparte. Berri bakoitzari bina orri. Lehen berria Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren ingurukoa. Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeen hamarretik batek diru-laguntza horren beharra omen du pobrezia erabatekoan ez jausteko. Emakume gazteak dira gehienak, atzerritik etorriak asko, azken urteetan lan finkorik gabe egonak, eta Lanbidek egindako balorazioaren arabera lanerako egoera egokian ez daudenak. Lotura handia dute genero-indarkeriak, etorkinen arazoak, prekaritateak, gazte izate hutsak, pobreziak…

Beste berria insomnioari buruzkoa da. Gero eta jende gehiagoren arazoa da nonbait begiak ezin bildua. Lokartu ezinaren antsietate berak uxatzen dio loa askori. Oso gora omen doa lotarako pilulen kontsumoa. Profesionalak kontsumo horren arriskuaz mintzo dira. Eta aholkuak ematen dituzte lorik eza saihesteko: siestarik ez egin, lotaratze eta esnaera orduei eutsi, garbi jan eta edan, arratsalde partean jarduera fisiko neurrikoren bat egin, iluntze aldera gorputz-buruei ahalegin handia eskatzen ez dieten zerbaitetan aritu… Ehun eta hogei urte biziko ginateke aholku horiek guztiak txintxo betetzera!

Bizi behar ditugunak duin ezin biziak kentzen digu loa. Bi berriak bakar bat dira…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.