HITZ ETZANAK

Sei hilabete

Andoni Egaña -

2018ko martxoak 22
Ezaguna da politikari onari buruzko definizioetariko bat: politikari ona da zer gertatuko den aurreikusi eta kontatzen duena, eta hala gertatzen ez denean, natural-natural zergatik gertatu ez den azaltzeko gai dena.

2017ko irailaren hogeita bata. Ondarroara gindoazen beste bertsolari bat eta biok autoz. Eta hizpide, jakina, Katalunia genuen. «Hik uste duk urriaren bian Katalunia independentea izango dela?». «Ez zakiat... Ezin dik hain erraza ere izan». «Baina bazirudik atzerabueltarik ere ez duela honek...». «Asko eta asko mentalki jada Espainiatik kanpo zeudek eta kaleetan begibistakoa duk hori». «Nik uste diat Espainiak gogor hartuko dituela eta Puigdemontek kartzelan bukatuko duela». «Horixe bera entzun zioat gaur beste bati». Isilaldia. «Hik noiz uste duk helduko dela Kataluniaren independentzia?». «Ez zakiat. Orain ez bada, pare bat urte barru. Urte betetik bira». Isilaldia. «Nik bost urtetik hamarrera joko nikek...». Beste isilaldi bat. «Gaurko saioa zer da, librean ala gaiekin?». «Ez zakiat. Moldatuko gaituk dena dela...».

Sei hilabete gaur solasaldi hartatik. Isilaldiak maizago eta «ez zakiat» gehiago. Argi dagoena da politikarako ez dugula balio. Ez genuen, hurrik ere, zenbat korapilo sor zitezkeen aurreikusten asmatu. Zuek bai?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna