andoni egana
HITZ ETZANAK

Osasuna

2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Aitona-amonek ere hartuko dute lasaitua amaitzean. Asko sumatu baititut azken bolada luze honetan ohikoa baino zaintza lan handiagoarekin. Semeak, alabak, suhiak edo errainak azterketa du, buru-belarri emana dago ikasteari, eta, denera iristen ez denez, umeak eta ez hain umeak aitona-amonei utzi beste irtenbiderik ez dute.

Osakidetzak inoiz egin duen lan-eskaintzarik handiena ipini du abian egunotan. Ia ehun mila lagun aurkeztu dira hiru mila lan-postutarako. Mediku, erizain, erizain-laguntzaile, zeladore... Asko lehendik lanean ari direnak dira, baina behin-behineko, orain hemen eta hurrena han, euren burua beti kolokan sumatuz. Adinez ere aurrera doaz, eta osatu dute familia bat. Badute nahikoa zama. Orain, lan egin, haurrak zaindu eta aldi berean ikastea tokatu zaie. Nekea, urduritasuna, haserraldiak eta aitona-amonen laguntzaren beharra pilatu zaizkie. Osasuna galtzeko adina, alegia.

Osasuna osotasun bada eta osotasuna oreka, zerbait gaizki egiten ari gara. Laister helduko da kasua behin betirako lan-postua lortzeko azterketara aitonak edo amonak aurkeztuko direna. Eta bilobei eskatu beharko diete autoz eramateko, ez medikutara, mediku izatera baizik. Bilobak lanik gabe egongo dira eta atseginez emango diete baiezkoa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.