HITZ ETZANAK

Bat ez badator

Andoni Egaña -

2017ko azaroak 14
Zure ideiekin bat datozen artelanekin errazago emozionatzen zara. Bat ez datorren zerbait ikusi edo entzuten duzularik (edo aski da ez datorrela sumatzea) barruan zerbaitek krak egiten dizu eta mami hura ez zaizu sekula azaletik sartuko.

Arte plastikoek, propagandarako propio eginak ez diren obrak ez badira behintzat, interpretaziorako tarte handia uzten dute gehienetan eta galbahe zabal samarraz eragiten ditugu gure emozioetara pasa-ez pasako sare horretan.

Besterik da hitza. Hitzak interpretaziorako tarte txikia uzten du eta segituan antzemango diogu pasa zaigun ala ez. Badira ordea ideologiaz bat ez etorri arren bapo sartzen zaizkigun hitzak. Xalbadorrekin gertatu izan zait inoiz edo behin. Akaso, sentiberatasun handiko pertsona zela badakidalako edo bere hitzik gehienak samurrak, egokiak eta nire ideiekin bat datozenak direlako. Badu sail bat Odolaren mintzoa-n Frantzian «haur galtzearen aldeko legea» atera zutenean bere iritzi eta sentimenduak azalduz. Honakoa da azken bertsoa: «Baldin plazerra ezarri badu Jaunak ezkontza obretan/ bazekiela zer egin zuen, ez da dudarik horretan/ hori jakinik nahasten dena atsegin horren kordetan/ nahi ala ez geldituren da biziarekin zorretan». Ez nator bat. Ederra da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna