andoni egana
HITZ ETZANAK

Zer lehenago

2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hondartzako futbolari buruzko erreportaje bat zekarren egunkari honek joan zen asteartean. Itsasoari irabazitako harean ume nahiz helduek futbolean gozatzen jarraitzen dutela zioen. Alderantziz da nire iruditerian: hondartza da berezkoa eta itsasoak tarteka jan egiten du, molestatuz. Mende laurdenean eman da aldaketa. Lehen hondartza zen jolas eta kirol-gune. Orain itsasoa. Izan dezake ahalmen ekonomikoarekin zerikusirik...

Bada hitz bat hondartzan futbolean aritu ez denak nekez erabiliko duena: «montoia». Halaxe deitzen genion. Hondartzan, baloia geldirik dagoenean, nahi hainbat harrotzen zaila da, umetan batik bat. Lortu ahal izateko hondar-tontor bat egiten da eskuz, «montoia», txikixeagoa edo handixeagoa bakoitzaren pazientziaren eta unean uneko presaren arabera. Ipintzen da baloia tontorraren gainean, egiten dira atzera hiru lau pauso, hartzen da abiada eta haize egunetan askotan, baloia jotzera zoazen unean... huts egiten duzu baloia pirrilaka erori delako. Berriz baloia hartu, hanka-punttaz txatotu duzun tontorra osatu, jarri, hiru pauso atzera eta...

Itsas-herri batean filosofia irakasle banintz ikasleak hondartzara eraman eta futbolean jarriko nituzke. «Montoi» batzuk egin ahala ulertuko lukete Sisiforen mitoarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.