andoni egana
HITZ ETZANAK

Aza-hostoak

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Hozkia sortzen du handiaren harrotasunak. Handiarena bada, harrokeria delako, segur aski. Handiek harrotasun konpartituaren izenean egingo dituzte txikiziorik handienak. Bizirauteko lain juxtu daukan estatubatuar bat imajinatzen dut, harro, komeni zaiola uste duen bizimodu baten defentsan berak ordaindutako soldaduek herrialde urrunetan jendea garbitu izana txalotuz.

Inozoaren harrotasunak auzo-lotsa sortzen du. Ezagutu nuen pertsona bat bere identitateaz oso harro zegoena. Ez zen kantari ona. Ez zen aktore txukuna. Ez zen ia ezer, baina harro azaltzen zen nonahi, Campo de Criptanan, Ciudad Realen, jaioa zelako Sara Montiel bezala. Kasualitatean babestu nahiago zuen bere bidea egin baino.

Ukatuaren harrotasunak, gureak esaterako, ez dakit zer sortzen duen. Etikoki harrotasun duinagoa iruditzen zait, ordea, handiarena edo inozoarena baino. Aberria. «Aberria bizi-ardatz hartzea duk komuneko paper fin-finak dauden garaiotan ipurdia aza-hostoekin garbitu nahi izatearen pareko zerbait!», bota zidan behin adiskide batek. «Hori bai: gauza bat bazagok hori baino askoz okerragoa. Inork ipurdia aza-hostoekin garbitu nahi balu beste norbaitek galaraztea, bere aza-hostoak bukatuko zaizkion beldurrez!», erantsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.