andoni egana
HITZ ETZANAK

La, la, la, la

2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
«Goizean kantatzen dut...» ulertzen nion nik eta ez «goizari kantatzen diot». Eta xelebrea iruditzen zitzaidan, noiz eta goizean, kantatzeko gogoa izatea. Leloa oso zen lelo eta«la, la, la, la...» aisa ikasi genuen. Hortik aurrekorik, «yo canto a la mañana» baino ez, eta gure erara ulertua.

Aste honetan bete da mende erdi Massielek abesti horrekin eta Españaren izenean Eurovision kantu lehiaketa irabazi zuela. Zenbat aldatu den dena eta aldi berean ze gutxi! Joan Manuel Serrat hautatu zuten abestia kanta zezan. Baina katalanez kantatzeko asmoa zuela eta Francok joatea debekatu zion. Massiel azken orduan aurkitutako ordezkoa baino ez zen... Egun, Joan Manuel Serraten Kataluniaren independentziaren komenigarritasunik ezari buruzko hitzak musika ezti dira espainiar askorentzat. Massielek, lehiaketa irabazi ondoren, uko egin zion El Pardo jauregira Francoren sari bat jasotzera joateari eta urtebetez egon behar izan zuen Televisión Españolan azaldu gabe. Egun, raperoen errebeldiak kartzela du zigor.

Lehiaketa aurrera eta berdinduta zihoazen Britania Handia eta Espainia. Eta badakizue nork eman zuen boto erabakiorra katalanez kantatzea debekatu zuen Espania haren alde? Herenegun zaplaztekoa eman zien berak. Alemaniak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.