HITZ ETZANAK

Maletak

Andoni Egaña -

2018ko ekainak 19
Miresten dut une jakin batean «Eureka!» esaten duen jende klase hori. Badarabil zerbait buruan luzaroan, eta halako batean argia ikusten du eta argi horri esker mundua aldatzen.

Bernard Sadow larruzko arropa eta maletak egiten zituen enpresa bateko zuzendariordea zen. Karibeko irla batean familiarekin oporrak igaro eta bueltan zihoan etxera, ekipaje handia arrastaka zuela. Aireportuan gazte bat sumatu zuen makina bat gurpildun traste baten gainean garraiatuz. Eta argia piztu zitzaion. Oso antzeko zerbait zen berak behar zuena. Maletei gurpilak eta goranzko kirten bat jartzea bururatu zitzaion. 1970. urtea zen. Egin zituen lehen probak, eta lehen gurpildun maleta haiek saltzen hasi zenean erresistentziak aurkitu zituen. Askotariko arrazoiak luzatu omen zizkioten asmazio berriaren porrota aurreikusteko, baina arrazoi horietako batek eman dit atentzioa: gizonezkoek ez zuten nahi izango horrelako karrotxo bati tiraka ibili. Jarrera emeegia zen nonbait.

Ia mende erdia igaro da ordutik, eta munduaren erdi batek, iparraldeak, maleta gurpildunak erabiltzen ditu. Beste erdiak maletarik ez du eta gurpildun aulkietan egin behar izaten du sarrera iparraldeko portuetan, maleta gurpildunez iritsi diren kazetari eta boluntarioen aurrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna