andoni egana
HITZ ETZANAK

Burusoila

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Pixetan lurrina egiten ote zuen esaten zuten burlaizez. Finegia zen nonbait. Eta finezia hori zen min ematen ziena. Bere arrakastak zapuzten zituen. Ezin zuten haren dandytasunik jasan. Handitasunik ez zioten onartzen. Bere lan-arlo eta mailako pertsonek ez bezala iritzia ematen ausartzen zelako ezin zuten jasan. Eta iritzi hori euren usteen kontrakoa zelako, jakina. Aspalditxo geratu zen argi ez zutela begien aurrean ikusi ere egin nahi, ez ziotela bat bera ere barkatuko.

Entzun ditu epelak azken urteotan. Orain hanka sartu du futbolari zela horrelakorik egiteko premiarik ere izan ez zuen Pep Guardiolak. Enegarrenez galdetu diote paparrean daraman lazo horiari buruz eta ez du erantzunean asmatu. Gorriarekin eta arroxarekin alderatu du bere horia eta horrexen zain zeuden inongo arrazoirik gabe ere tiro egiten zioten ehiztariak. Iseka egitea omen da hori gaixotasun larriak jasan dituztenei eta haien lagun eta senitartekoei.

Juan Luis Zabalak aipatzen zuen duela gutxi sistemak sakona arin eta arina sakon epaitzera nola eraman gaituen. Ez zaitez deskuidatu «De Guindos jaun burusoilak aberatsak aberastu eta pobreak pobretu nahi ditu» esaten. Burusoilen Elkarteren batek erantzungo dizu beste inork baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.