andoni egana
HITZ ETZANAK

Planak

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Nire larruan bizi izan nuelako ikasiko nuen segur aski. Eta ez zait ahaztu. Administrazioan egiten nuen lan, kulturan, eta tarteka egindakoen berri eman behar izaten genuen teknikariok zinegotzi komisioaren aurrean. Ekitaldi edo programaren bat itxuraz burutzen genuenotan ez genuen aurkezpena propio prestatu beharrik sumatzen. Zertarako, dena ongi irten bazen? Zerbait erdipurdi edo gaizki irteten bazen, berriz, ongi prestatuko genuen agerraldia, aitzakiak arrazoi, txosten itxurazkoa eta ia power-pointa ere inbentatuz artean ez zen garai hartan.

Ongi burutu eta gaizki prestaturiko agerraldiaren ondoren beti izaten ziren galdera zorrotz eta mesfidatiak. Aldiz, erdipurdi burutu eta borobil aurkezturiko jardunen ostean oro izaten zen onespen eta lausengu. Pentsatu nahi dut kultura baino kontaduria errazago eta zehatzagoko jardueretan, galera-irabaziak bistakoagoak direnetan alegia, ez dela hain samurra azalaz mamia desitxuratzea…

Baina ez dakit ba! Burutze uneak adinako garrantzia hartu dute burutu aurrekoak eta ostekoak saltzea-ren leloa nagusitu zenetik. Dena da txosten. Duela gutxi adiskide pentsalari batek bota zidana datokit gogora: «Plan estrategikoa daukaten denek ez zeukatek estrategiarik. Bi kontu desberdin dituk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.