andoni egana
HITZ ETZANAK

Txaloak

2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Erritmoa, intentsitatea eta iraupena. Horiek dira hiru ezaugarri nagusiak. Eta ez naiz Kataluniako independentisten bide orriaz ari, txaloaz baizik.

Onespena adierazten du txaloak. Baina onespenak ere baditu intentsitate graduak, eta esaterako, erromatarrek hatz punttez txalotzen zuten atsegin zuten zerbait, esku-ahur zapalez gehixeago gustatzen zitzaiena, eta esku-ahur habituaz oso gustuko zutena. Badu erritmoa ere onespenak. Amerikarrek asmatua da gutxi batzuk eta geldo hasi eta gero eta gehiagok gero eta bizkorrago txaloa burrundada bihurtu arteko txalo jotzeko modu hori. Eta iraupenak ere badu zerikusia. Txaloaldiaren minutuetan neurtzen da opera emanaldi edo orkestra baten jardunaren bikaina.

Azken egunotan txaloaldi askotarikoak sumatu ditut. Oviedoko sari banaketakoa, Confebaskek biktimen omenez antolaturiko jardunaldikoa, Mossoen buruari bilera baten ostean eskainitakoa... Nago, norbaitekiko onespenaz gaindiko zerbait adierazten dutela txalo zaparrada horiek. Bakanak izatea gustatzen zaigu pertsonoi, baina bakarrak izatea ez nonbait. Eta nonbait eta zerbaitetan —bizikeraz, pentsamoldez, balioz— kideak baditugula ohartzean geure burua saritzen dugu txalo joka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.